Ekai eta LGTBIQ kolektiboa gogoan, 17 urte beteko zituen egunean
Pasa den otsailean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarruarrari eta LGTBIQ kolektibo osoari omenaldia egin diote Ondarroan, gazteak 17 urte beteko zituen egunean.
Ekai Lersundi ondarroarrak 17 urte beteko zituen pasa den urriaren 13an, otsailean haatik, bere bizitza eten zuen. Osakidetzan hormona tratamendu noiz hasi zain zegoen. Chrysallis elkarteak orduan adierazi bezala «borroka gehiegiri aurre egin beharrean» zen, bere identitatearen arabera bizi ahal izateko.
Bere urtemugan, bere gurasoek haren eta LGTBIQ kolektibo osoaren aldeko omenaldia egin nahi izan zuten eta monolito bat ipini zuten Ondarroako Itsasaurre plazan. Ekairen senide eta lagunez gainera, Chrysallis Euskal Herria taldeko kideak, Errespetuz taldeko ordezkariak, udal ordezkariak eta herritar ugari batu ziren hitzorduan.
Ekairi eta LGTBIQ kolektibo osoari eskainitako oroigarria bistaratu aurretik, Elaxar Lersundi Ekairen aitak esker oneko hitzak eskaini zituen eta Chrysallis eta Errespetuz taldeetako ordezkariek transexualitatea gaixotasun gisa ez hartzeko galdegin zuten, beste behin ere.
Ekitaldian aipamen berezia egin zioten 2015eko abenduan hil zen Bartzelonako Rubi herriko Alan gazteari. Azken horren gurasoak ere Ekairen gurasoen aldamenean egon ziren Ondarroako omenaldian eta haiei ere ohore egin nahi izan zieten.
Ekai zenaren amak partekatu du monolitoaren irudia Facebooken, parte hartzaileei eskerrak ematen dien mezu honekin batera.