INFO

Ahotseneak 200 sortzaile baino gehiago elkartuko ditu aurtengo Durangoko Azokan

Ahotsenea guneak ez du etenaldirik izango abenduaren 5etik 9ra bitartean 53. Durangoko Azokaren baitan, eta, egunero, 11:00etatik 20:00ak arteko ordutegian, 200 sortzaile baino gehiago elkartuko ditu, 70 kontzertu eta 42 solasaldi eskaintzeko, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Ahotseneak 70 kontzertu inguru hartuko ditu aurtengo Durangoko Azokan. (Durangoko Azoka)

Abenduaren 5etik 9ra, Durangoko Azokan, Ahotseneak 70 kontzertu eta 42 solasaldi eskainiko ditu, 200 sortzaile baino gehaigoren eskutik. Solasaldien gunean, Landako barruan, idazle ugari batuko dira. «Euskal literaturaren erreferenteak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu eta idazle askok euren azken nobedadeen berri emango dute, besteak beste, Alaine Agirrek, Harkaitz Canok, Katixa Agirrek edota Gotzon Barandiaranek», azaldu dute ohar baten bidez.

Halaber, Pako Aristik, Idurre Eskisabelek, Edorta Jimenezek, Iban Zalduak, Unai Iturriagak, Jasone Osorok, Jon Arretxek, Oier Guillanek, Jakoba Errekondok, Ane Labakak eta Joseba Tapiak ere beren azken lanak aurkeztuko dituzte, besteak beste.

Komikigintzak eta bertsolaritzak ere tartea izango dute solasaldien gunean. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat elkartek ere Ahotsenean aurkezpenak egingo dituzte, hala nola EHAZEk, Gasteizko Gaztetxeak, Emagin elkarteak edota Eztenak.

Zuzenekoen karpari dagokionez, 70 musikari eta musika talde igoko dira bi eszenatokietara. Horien artean izango dira Gatibu, Txapelpunk, Hesian, Izaki Gardenak, Nogen, Iker Lauroba, Egurra eta kitto, Skasti, Larregi edo Leihotikan.

Azken urteetan musika talde ezagunetan aritu diren hainbat musikarik ere euren proiektu berria aurkeztuko dute Ahotsenean: Hezurbeltzak (Jon Maia eta Gorka Hermosa), Era Batera (Gatibuko Gaizka Salazar eta Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza) eta Xabi Bandini (Kerobia taldeko abeslaria).

Talde ezagunez gain, lehenengo diskoa kaleratzen duten taldeak ere egongo dira Ahotsenean. Besteak beste, Azalera, Zizel, Polybius, Txost, Rolan Garces, Maddi, Antton Larrandaburu eta bitxiloreak.

Musika estiloei dagokionez, aniztasuna izango da Ahotseneako ezaugarri nagusietako bat, bakarlari (Josu Bergara, Inun, Eneritz Furyak), rap edota hip-hoparekin (Aneguria, Gatom, Bad Sound). Autoekoizpenek aurten izango duten protagonismoa nabarmendu dute antolatzaileek.