INFO

Ia 60.000 lagunek eman dute izena dagoeneko Euskaraldian

Euskal Herriko lurralde guztietako ia 60.000 lagunek eman dute izena dagoeneko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldian, ekimena abian jartzeko hilabete falta denean.

Illaro, Arrabit, Dobaran, Kasares eta Laka, San Telmo museoren klaustroan. (EUSKARALDIA)

Elkarlanean ari diren Euskaraldiaren koordinatzaileek parte hartzearen inguruko xehetasunen berri emateko prentsaurrekoa egin dute Donostiako San Telmo museoan.

Irailaren 20an zabaldu zen izen-ematea, eta norbanakoek bi bide aukeratu ahal dituzte izen-ematea burutzeko: eskuz, izen-emate orrien bitartez, eta www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez.

Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta Euskaraldiaren koordinatzaileak azpimarratu du egitasmoaren xedea «ariketa kualitatiboa» egitea dela, «ez kuantitatiboa». «Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza ohiturak aldatzeko», esan du.

Bestalde, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek izen-ematearen egoeraren berri eman du: «Dagoeneko ia 60.000 lagunek eman dute izena ahobizi edo belarriprest modura aritzeko 11 egunetan zehar egingo den ariketa sozialean. Esan dezakegu beraz, 60.000 lagunek agertu dutela Euskaraldian bere inguruan eragin, hizkuntza ohiturak aztertu eta hauetan eragiteko asmoa».

Izen-emateak egunero gertatzen diren arren, Dobaranek momentura arte jaso dituzten datuen kuantifikazioa ehunekoetan azaldu du. Horrela, izena eman dutenen %45 gipuzkoarrak dira, %31 bizkaitarrak, %12 nafarrak, %9 arabarrak, %2 Lapurdikoak eta %1 Nafarroa Beherakoak eta Zuberoakoak.

Hala ere, Dobaranek ariketaren alderdi praktikoan jarri du fokua. Bere hitzetan, «antolaketan ari garenon ikuspegitik ariketa honek inertziak apurtzea eta ohiturak aldatzea du helburu, eta horregatik, datuek baino, sortuko diren aldaketek dute guretzat garrantzia. Hurrengo asteotarako beraz, ez dugu partaide kopuruen gaineko helburu zehatzik finkatu. Guretzat garrantzia berezia du parte hartuko duten guztiek bere ingurua prestatzeko egingo duen lanak, eta aldaketa eragin nahi duten horiek izatea inguruko ahobizi eta belarriprest potentzialak aktibatuko dituztenak».

Ildo horretan, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea hamaikakoak osatzearen garrantziaz aritu da. Horrela, zehaztu du lehen hilabete honetan izena eman dutenen artean nagusi direla ahobizi modura aritzeko gogoa agertu dutenak.

«Hurrengo hilabetean zehar, orain arte izena eman duten horiek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi ditugu koordinazioan ari garen erakundeotako ordezkariek. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri eman, gure buruak eta ingurua prestatzea eta beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea», adierazi du.

Prestaketa

Bestalde, azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo den ariketa sozialean parte hartzeko prestaketarako garaia da, eta dagoeneko 400dik gora pertsonak egin dute prestatzaile izateko formakuntza.

Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako presidenteordeak gogora ekarri ditu herrietako batzordeak eta koordinazio orokorreko kideek elkarlanean landu dituzten bideak.

«Ahobizi eta belarriprest izateko tailerrak eskaini ditugu Euskal Herri osoan, baita saio sakonagoak ere. Horrez gain, azaroan banatuko ditugu partaideentzako aholkuak txaparekin batera, mezu elektroniko bidez zein sare sozialetan», azaldu du.

Ikerketa

Halaber, Euskaraldiak hizkuntza ohituretan duen eragina neurtzeko ikerketa abiatuko du Soziolinguistika Klusterrak. Ikerketa egin ahal izateko, ekimenean izena eman duten kideen datu batzuk jasoko dira, eta datuak fidagarri eta egokiak izan daitezen ahal beste pertsonek bete beharko dituzte galdetegiak. Hiru galdetegi izango dira: lehena, Euskaraldia baino egun batzuk lehenago bidaliko dute, bigarrena, ekimena bukatu eta egun gutxiara, eta hirugarrena, 2019ko martxoan jasoko dute herritarrek.

Paula Kasares nafar Gobernuko Euskarabideko euskararen sustapenaren eta plangintzaren zerbitzuko zuzendariak eman ditu ikerketaren garrantziaren inguruko printzak. Bere iritziz, garrantzitsua da Euskaraldia bezalako ekimen batek nolako eragina duen «ahalik eta modu zorrotzenean ezagutzea, ikerketa horrek islatuko baitu ekimenaren ondorioak nolakoak eta zenbatekoak izan diren».

«Lagunduko digu ezagutzen hizkuntza ohiturak nola eta zenbat aldatu diren euskararen alde, joera horiek denboran mantendu diren ala ez, eta, finean, ekimenaren bueltan egin den esfortzu guztiaren emaitzak neurtzeko modua izango da», gaineratu du.