INFO

Erabat ahaztu edo segida eman, ez dago erdibiderik

Urrutikoetxeak ostiraleko joko onari eutsi nahi dio; Retegik astelehenean jasotako porrot mingarria ahaztu.


Ligaxkako gehiketa eta kenketak ahaztuta, Lau eta Erdiko Txapelketa bere unerik interesgarrienean sartuko da asteburu honetan, final-laurdenetako azken jardunaldiko partidekin. Larunbatean Labriten Mikel Urrutikoetxea eta Julen Retegi neurtuko dira, eta, igandean, Eibarren, Jokin Altuna eta Victor Esteban. Bi irabazleak, finalerdietara.

Zirt edo zart egin beharrak sortzen duen zirrara nabarmen geratu zen atzo Labriten egindako material aukeraketan. Ikusmina gehitzen doa astetik astera eta Iruñeko ekitaldiak jada txapelketa garrantzitsuen usaina hartu zuen. Hori bai, oso une desberdinean iristen dira Urrutikoetxea eta Retegi. Bizkaitarrak 22-5 irabazi zuen aurreko jardunaldian Elezkanoren kontra; nafarrak 22-2 galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka.

«Atzo [astearteagatik] egun txarra izan zen, gogorra. Inori ez zaio gustatzen bian galtzea, barregarri geratzea. Ez dakit, ezin izan nion aurre egin, ez nintzen bere jokoa geratzeko gai izan. Hori azkar ahaztu beharra daukat eta Urrutiren aurkakoan pentsatu», onartu zuen Julenek astelehenean jasandako porrot argiaren inguruan.

«Hori hor dago. Ahalik eta azkarren nahi duzu itzuli pilotalekura, hurrengo partida azkar jokatu eta egindakoa ahaztu. Badakit partida zaila daukadala Mikelen kontra, baina borrokatu beharra dago», gaineratu zuen eratsundarrak. «Oinatz, Victor… pilotari horrenbeste efektu ematen dioten pilotarien aurka jokatzea bereziki zaila izaten da, baina ez niretzat bakarrik, edonorentzat. Oinatzek sekulako partida egin zuen, eta arriskatu zuen guztietan asmatu egin zuen. Hori ere ez da askotan gertatzen, baina gertatzen denean ezin da ezer egin».

Mikel Urrutikoetxeak, ordea, ez du uste azken emaitza horiek eraginik izango dutenik larunbatean eta aurkariaren bertuteak nabarmendu zituen. «Oso pilotaria da. Boteko jokoan oso ongi moldatzen da, pilota oso ongi mugitzen du, eta gero dejadaz tantoa erraz amaitzen du. Oso partida zaila espero dut, distantzia honetan beti oso ongi moldatu izan delako. Eta argi dago nik ere gauzak oso ongi egin beharko ditudala hasieratik aukerak izan nahi baditut»

Julenek ere oso argi ditu zeintzuk izango diren partidako gakoak. «Tantoa dominatzen duenak asko izango du irabazita. Aurrekoan ikusi zen Urruti goraka datorrela, oso ongi dago, Danel [Elezkano] 5ean utzi zuen, eta badakigu aurkari gogorra dela. Baina agintea nik eramaten badut berarentzat ere zaila izan liteke», nabarmendu zuen.

Eta hobetu beharreko arloen artean, sakea. «Txapelketa guztiko borroka izaten ari da. Hasi zenetik nabil sakearekin asmatu ezinik. Falta asko egin ditut eta horrek baldintzatu egiten nau, ez naiz batere eroso joaten sakea egitera. Tantoa oparitzeko beldurrez joaten naiz».

Materiala, behintzat, ez da aitzakia izango, biek konforme amaitu zutelako aukeraketa, nahiz eta pilota desberdinak hautatu. «Bereak behetik gehiago ibiltzen dira, mugitzea gehixeago kostatzen diren horietakoak dira», azaldu zuen Mikel Urrutikoetxeak.

 

Gaitza gaindituta, erritmoa hartzera

Mikel Urrutikoetxeak aurreko ostiralean emandako erakustaldia ikusita, argi dago bizkaitarrak gainditu duela jada azken hilabeteetan geldi izan duen gaixotasuna. «Hori jada ez da aitzakia», berretsi zuen atzo horretaz galdetu zitzaionean. «Txapelketa aurkeztu zenetik hori ahaztuta dago, horregatik erabaki nuen jokatzea. Ondo sentitzen nintzelako eman nuen baiezkoa. Egia da gero erritmoa hartzea kostatu egiten dela, baina partidekin nik uste hobetzen joango naizela, eta gustora nago egin ditudan bi partidekin, nahiz eta aurrenekoa galdu egin nuen Oinatz handi baten aurka».

Aurrekariei dagokienez, Urrutikoetxeak eta Retegik Lau eta Erdiko Txapelketan elkarren aurka jokatu zuten azken aldia 2015ean izan zen, orduan ere final-laurdenetako ligaxkan. Etxebarrin jokatu zen partida eta Zaratamokoak aise (22-9) irabazi zuen –txapeldun irten zen urte hartan–. Baina urte bat lehenago, 2014an, Retegi irten zen garaile: 22-19 Huercanosen jokatutako final-zortzirenetan. A.A.