INFO

‘Klimaren Trena’k bi eguneko geldialdia eginen du Biarritzen

Akitania Berriko hainbat eskualdetan barrena ibili ondoren ‘Klimaren Trena’ gaur eta bihar Biarritzen izanen da. COP21 goi-bilerak zehazturiko helburuen gainean sentsibilizazio lana egiteko sortu zen trenaren egitasmoa. Trenak Euskal Herrian eginen duen geldialdian, AcclimaTerra komiteak eskualde mailan aldaketa klimatikoaren eraginak neurtzen dituen txostena ezagutaraziko dute.


Lau bagoi dituen tren berezi honek klimari buruzko erakusketa zientifiko bat jasotzen du bere baitan. Bertan planetaren bilakaera aztertzearekin batera gizakien jarduerek klima aldaketaren gainean noraino eragiten duten ere azaltzen da.

Egitasmoak beste ezaugarri deigarri bat dauka. Hartara, ikertzaileak herritarrekin elkartuko dira trenean, klimaren desorekari aurre egiteko lortu diren azken aitzinamendu zientifikoez solasteko aukera eskainiz.

Euskal Elkargoko zein Udaleko ordezkariek eginen diote harrera tren berezi honi, gaur 15.00etan, Biarrizko geltokian. Ondotik, arratsaldeko 17.00etan, AcclimaTerrako Frank D’Amicok konferentzia bat eskainiko du hiriko Kasinoan.

Biharko hiru konferentzia antolatu dituzte, goizez eta arratsaldez, Kasinoan bertan. Bizimodua eta klima edo ekonomia zirkularraren gisako gaiak landu ostean, azken mintzaldian Biarritzen klima aldaketak duen eragina aztertuko dute.

Lapurdi atzean utzita «Klimaren Trena» Agen hirirantz (Lot-et-Garona) abiatuko da bere itzuliari azaroaren hastapenean amaiera emateko.