«Esa ez da betetzen, segurtasuna eta sen onagatik»
Ahotsa Esa urtegiaren inguruetan izan da, haren handitzeak bizilagunengan sortzen dituen kezkak jasotzeko.
«Zer dakigu Esa urtegiaren handitzearen inguruan? Ba al zenekien Nafarroako milaka lagun arriskuan bizi direla urtegi hau dela eta?» Galdera horiei erantzun asmoz Ahotsa proiektu komunikatiboak erreportaje hau egin du Esa urtegiaren II. martxa aintzat hartuta.
Ehunka lagun bildu zuen Esa urtegiaren II. martxak. Urtegiaren handitzearen aurkako oposizioak deituta, Aragoi eta Nafarroako zonalde ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten protestan. Urtegian egiten ari diren lanengatik Zangotzan, Galipentzun edo Kasedan duten segurtasun eza eta obra honek suposatzen dituen gastu ekonomikoak salatu zituzten. Zaraitzu ibaian balizko trasbase batek izango lukeen eragina ere salatu zuten bildutakoek.
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen joan den ekainean Esa urtegia handitzeko lanak gelditzeko eta proiektuaren kontuak auditatzeko gardentasuna eskatuz.
Esako handitze lanek gainera, ez dituzte soilik urtegian behera euren segurtasuna ezbaian ikusten duten herritarrak kezkatzen, goiko bailaretan ere eragin kaltegarria izan dezaketela uste dute.
Zehazki, Zaraitzu ibaiko emaria Esako urtegi erraldoira bideratzeko Aizpurgi herrian presa bat egiteko asmoak kezkatzen ditu gehien. Handitze proiektua egin ahal izateko, ezinbestekoa dute ur hori,izan ere, gaur egun Aragoi eta Ezka ibaietatik jasotzen den kopuruarekin ezinezkoa baitute halako tamainako urtegia betetzea.