INFO

Zubietako erraustegia 2019ko martxoan hasiko da lehen hondakinak jasotzen

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumeneko eta Gobernantzako batzordeak bisita egin du Zubietako erraustegiko lanetara eta, Jose Ignacio Asensio Ingurugiro diputatuak jakinarazi duenez, 2019ko martxoan hondakinak jasotzen hastea espero da. EH Bilduk bisita «bere intereseko irudiak eta mezuak zabaltzeko» erabiltzea leporatu dio Asensiori.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumeneko eta Gobernantzako batzordeak bisita egin du Zubietako erraustegiko lanetara. (Gipuzkoako Aldundia)

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumeneko eta Gobernantzako batzordeko batzarkideek Zubietako erraustegiko obrak bisitatu dituzte gaur. Bertan, Jose Ignacio Asensio Ingurugiro diputatuak jakinarazi duenez, «espero da 2019ko martxoa edo apirilerako hondakinak jasotzen hasi ahal izatea».

Zentzu berean, Asensiok adierazi du «aurreikusita» dagoela «egutegi ofiziala betetzea, eta instalazio osoa funtzionamenduan egotea, dagokion probaldia igaro ondoren, 2019ko urrian». Dagoeneko, obra zibileko lanen %75etik gora exekutatu dira, tratamendu mekanikoko eta biolehorketako instalazioen %85 exekutatuta daude eta balorizazio energetikoko plantaren %65 exekutatuta dago.

Gaur egun 300 bat langile daude obran, eta Asensioren hitzetan 2018ko azkeneko hiruhilekoan 400 langile egotera iritsiko da. «Tratamendu mekaniko eta biologikoko (TMB) plantan, berreskuratu daitekeen oro berreskuratuko da, balorizazio energetikoari ekin aurretik, eta gainerakoa lehortu egingo da», gaineratu du.

Balorizazio energetikoko plantari (BEP) dagokionez, aldiz, balorizatu beharreko hondakinak jasoko dituen hobia amaituta dago: lerroaren muntaketa ia amaituta dago, eta presio probak egiten ari dira, lerroaren muntaketa datozen asteetan amaituko da eta gasak arazteko plantan oso aurreratuta daude.

EH Bildu: «Bertako langileen egoera ezkutatu nahi digute»

EH Bilduk, ohar baten bidez, bisitan langileen egoera ezagutzeko aukerarik ez dutela izan salatu dute. «Kontrara, Jose Ignacio Asensio diputatuak berak aukeratutako prentsari bere intereseko irudiak eta mezuak zabaltzeko erabili du Batzar Nagusietan adostutako bisita». Lehen ere salatu zuen koalizioak «bertako langileen egoera ezkutatu nahi digutela».

Zentzu horretan gogora ekarri dute sindikatuen arabera, «lan egoera prekarioak, segurtasun falta, soldata murritzak –orduko 7 euroko soldatekin-, estatuko beste herrialde batzuetako lan hitzarmenak edo gehiegikeriak pairatzen dituztela».

Bestetik, Asensiok «GHKk atzo EAJ eta PSEren bozkekin Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietaren kontra errekurtsoa jarri izana estaltzeko propaganda maniobra» gisa erabili duela bisita azpimarratu dute.