INFO

‘Nafarroan bizi’ eguna antolatuko du Ernaik, Iruñean, abenduaren 8an

‘Nafarroan bizi’ eguna antolatuko du Ernaik abenduaren 8an Iruñean. «Prekrietatera kondenatzen gaituzten alor ezberdinei egingo diegu aurre, eta gurekin batera lanerako dei egiten diogu nafar gazteriari, borrokaz soilik irabaziko baitugu».

Ernai gazte antolakundeak ‘Nafarroan bizi’ eguna iragarri du. (Ernai)

Ernai gazte antolakundeak ‘Nafarroan bizi’ eguna egingo du abenduaren 8an. Hala iragarri dute gaur Iruñean egindako agerraldian. Bertan, «burujabetzaren aldeko lanean» jarraitzeko hautua berretsiko dute. «Gure bizitzako esparru guztiak busti nahi dituzte prekarietatez. Bizirautera kondenatu nahi gaitu sistemak: ziurgabetasuna, helduleku falta, ezegonkortasuna... ez digu beste eskaintzarik egiten kapitalista eta patriarkala den sistemak», adierazi dute.

Prekarietateak lanean, hezkuntzan, etxebizitzan, harremanetan edo osasunean eragiten duela gaineratu dute. «Bizi proiektu duin bat eraikitzea ezinezko egin nahi digute». Honen aurrean «era duinean lan, bizi eta ikasi» nahi dutela azpimarratu dute. «Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu».

Nafarroan aldaketa «garatzen hasia» dela ulertuta, gazteak «horretan ere motore» izan behar dutela iritzi dute. «Nafarroaren burujabetzaren aldeko pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu eta eraldaketan sakontzeko apustua egiten dugu. Erregimena ahulduta dago, baina bere erasoek egunerokoak izaten jarraitzen dute. Eta berriz ere, frankismoaren oinordekoak eta oligarkia ekonomikoen ordezkariak españolismo faxistaren erakustaldi bat egitera datoz gure herrira».

Aldaketa horretan gazteen bizitzak «erdigunean» jartzeko beharra nabarmendu dute. «Nafarroan bizi nahi dugu, Euskal Herrian bizi nahi dugu. Eta horretara goaz, bizitzako esparru guztietan burujabetza borrokatu eta eskuratzera. Konstituzioen gainetik, injustizien gainetik, lege arrotzen gainetik, zapalkuntzen gainetik borrokatzera».