Hilaren 17an egingo dute Euskal Herriko emakume errugbilarien II. topaketa, Baionan
Udalbiltzak antolatuta, azaroaren 17an Lapurdiko hiriburuan egingo da Euskal Herriko emakume errugbilarien topaketaren bigarren edizioa.
ASB Baionako Kirol Elkartearen egoitzan egin dute Euskal Herriko emakume errugbilarien topaketaren bigarren edizioa.
Hitzordua antolatzen duen Udalbiltzako ordezkariez gain, EAE eta Nafarroako errugbi federazioetako, Baionako Herriko Etxeko eta ASBko kideek ere hartu dute parte aurkezpenean.
Udalbiltzako lehendakari eta Hernaniko alkate Luis Intxauspek adierazi duenez, Euskal Herriaren kohesioa, elkar ezagutza eta harremanak sendotzea du helburu topaketak.
Euskal Herriaren kohesioa, elkar ezagutza t harremanak sendotzea helburu Emakume Errugbilarien 2. Topaketa antolatu du @Udalbiltza k. Baionan izango da azaroaren 17an. Bihartik argazki erakusketa ikusgai Euskal Museoan. pic.twitter.com/FVjbMaltGS
— Luis Intxauspe (@LuisIntxauspe) 6 de noviembre de 2018
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko taldeen arteko neurketekin hasiko da egitaraua, arratsaldeko 15.00etan, Baionako Pierre Cacaregit zelaian. Denek denen aurka jokatuko dute, itzuli bakarrean.
Errugbiaz arituta, ezin zen falta hirugarren denbora. Partida guztiak bukatuta izango da hori, arratsaldeko 18.00etan.
Ondoren, 19.00etan, sariak banatuko dituzte.
Topaketaren harira, euskal emakume errugbilarien inguruko argazki galeria ere prestatu dute, hilaren 18ra arte Baionako Euskal Museoan ikusgai egongo dena.
Kote Olaizola txapelketaren lehen edizioa
Bestalde, larunbat honetan arratsaldeko 18.30ean Anoetan jokatuko den AEBak-Samoa nazioarteko lagunarteko partida iritsi aurretik, Kote Olaizola emakumeen errugbi txapelketaren aurreneko edizioa jokatuko da, Hernaniko Landaren.
Euskal Herriko talde desberdinketako 130 emakume baino gehiago bilduko dira, lau taldetan banatuta (Gorbea, Txindoki, Urbasa eta Urkiola).
Goizeko 11.30ean hasiko da txapelketa.