INFO

Ikasle etorkinen harrera «indartzeko» eskatu dio Gasteizko Legebiltzarrak Hezkuntzari

Ikasle etorkinen harrera «indartzeko» eskatu dio Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailari, EH Bilduren ekimenez. Era berean, harrera-baliabideen esperientzia pilotuak egin ditzala galdegin dio.

Uberaren iniziatibas izan da onartua adierazpena. (@ehbildu_legebil)

EH Bilduren legez besteko proposamen bat tarteko, Gasteizko Legebiltzarrak ikastetxeen harrera gaitasuna «indartzeko» galdegin dio Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailari, modu horretan, ikasle etorkinen eskolaratzea erraztu dadin.

Onartutako testuaren arabera, Lakuako Gobernuak hainbat neurri berri ipini behar ditu martxan, «lehenik eta behin gizarte-egoera ahuleko inguruan dauden ikastetxeetan edota atzerritik iritsi berri diren ikasle-proportzio handienak dituztenetan». Zentzu berean, Ganbarak eskatu dio Hezkuntza Sailari harrera-baliabideen esperientzia pilotuak egin ditzala, «lehentasuna emanez baliabide linguistikoei lotutakoei».

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, «ezinbestekoa» da harrera-protokoloak indartzea, «aniztasuna balore positibotzat jotzen dugun arren, praktikan zailtasunak ditugulako aniztasuna gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunen ikuspegitik kudeatzeko».

Bada, baina, Gasteizko Ganberak Hezkuntza Sailari egin dion bigarren eskakizun bat ere. Zehazki, eskatu dio ikastetxeetako aplikazio informatikoak aldatzeko eta euren premia eta beharrei egokitzeko, «kudeaketa lanak arindu eta errazte aldera».

«Amaigabeko burokraziak ikastetxeak itotzen ditu, ikasturte hasieran bereziki, eta horrek eguneroko funtzionamendu egokia eragozten du», salatu du Uberak. Arazoa konpontze aldera, administrazio-langileak esleitzeko formulak azter ditzala eskatu dio Legebiltzarrak Hezkuntzari, sindikatuekin batera.