INFO

Igandeko herri galdeketan parte hartzeko deia egin dute EAJk eta EH Bilduk Donostian

EAJ eta EH Bilduko hainbat kide donostiarrek agerraldia egin dute, igandean Gipuzkoako hiriburuan erabakitzeko eskubidearen inguruan egitekoa den herri galdeketari babesa adierazteko. Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin ere egun berean egingo dituzte galdeketak. 

Donostiako galdeketa babesteko EAJ eta EH Bilduren agerraldia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez, EH Bilduren Donostiako Alkatetzarako hautagai Reyes Carrere eta EAJren GBBko kide Andoni Etxebeste eta Idoia Elorza.

Maria Jesus Idoeta jeltzaleak eta EH Bilduko Olaia Duartek hartu dute hitza, iganderako Donosita Galdeketa herri dinamikak antolatutako galdeketari babesa adierazteko , «erabakitzeko eskubidea defendatu eta gauzatzeko ariketa demokratikoa delako».

Azpimarratu dutenez, galdeketaren prozesuak «bizikidetzan sakontzea» ahalbidetzen du eta galdeketa «donostiarren arteko topagune» bilakatu dela azken hilabeteotan.

«Gizarte kohesiorako tresna hau begi onez ikusten dugu eta, horregatik, epe luzeko bizikidetza sustatzen duten dinamikak babesten segiko dugu aurrerantzean ere», gaineratu dute.

Era berean, adierazi dute galdeketak «donostiarrok nolako Euskal Herria nahi dugun eta etorkizun hori nola erabaki nahi dugun irudikatzen» ere lagunduko duela.

«Europan martxan dabilen trena Euskal Herriko geltokira iritsi da, baita Donostiara ere, lehen hiriburura», esan dute Idoetak eta Duartek, donostiar guztiei tren horretara igotzeko gonbitea eginez.

Donostiaz gain, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin ere egingo dituzte galdeketak igandean. Guztira, 220.000 dira hautetsontziekin hitzordua izango duten herritarrak.