INFO

Hilabete luzeetako uzta biltzeko hautetsontziak prest

Adin, pentsamolde eta jatorri anitzeko herritarrak batu dira Zallan, Irunen, Balmasedan, Alonsotegin eta Donostian bertako herritarrek Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan hitza hartzeko aukera izan dezaten. Igande honetan dute hitzordu handia, baina hilabete luzeetako lana dago atzean. Lan horren bilduma egiten saiatu gara.

Hilabete luzeetako lana izan da galdeketa. (@GureEskuDagoDon)

Donostiako, Irungo, Zallako, Balmasedako eta Alonsotegiko herritarrek hitzordu garrantzitsua dute igande honetan, izan ere Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan hitza hartzeko aukera izango dute auzoz auzo ezarriko dituzten hautetsontzietan. Guztira, 221.679 euskal herritarrek dute botoa emateko aukera eta esanguratsua izango da zita, izan ere lehen aldiz egingo da galdeketa euskal hiriburu batean.

Donostian, beste lauretan bezala, 16 urtetik gorako bizilagunek eman ahalko dute boza. Batzuk eman dute dagoeneko, izan ere duela egun batzuetatik prest ziren hautetsontziak boto aurreratuari ateak irekitzeko.

Ezberdinak dira herri bakoitzak mahai gainean jarri dituen galderak. Donostiarrek Euskal herritarrek euren etorkizun politikoa euren kabuz eta aske erabakitzea nahi ote duten erantzungo dioten bitartean, Irunen hiru aukeraren artean erabaki beharko dute: Euskal estatu burujabe eta independentea, estatus politiko berri bat Estatu espainiarraren barruan edo gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.

Zallan eta Balmasedan, honako galdera prestatu dute: Nahi duzu euskal herritarrok burujabe izatea bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabakitzeko?

Alonsotegin, azkenik, ea euskal estatu independente bateko herritarra izan nahi al duten galdetuko diete.

Zenbait begiralek gertutik jarraituko dute galdeketa, hau berme guztiekin egiten dela ziurtazeko. Kataluniatik datoz horietako asko: Elisenda Paluzie, ANCko presidentea; Marcel Mauri, Omnium Culturaleko presidenteordea, Gabriel Rufian eta Joan Tarda, ERCren diputatuak Kongresu espainolean; Aurora Madaula, Junts Per Catalunyako diputatua Kataluniako Parlamentuan; Aina Delgado, CUPeko Idazkaritza Nazionaleko kidea eta Jaume Lopez, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea.

Eskoziatik Shona McAlpine etorriko da Independence Convention taldeko idazkari eta nazioarteko ordezkaria, eta Argentinatik, azkenik, Julieta Gaztañaga antropologo, ikerlari eta irakaslea ariko dira begirale lanetan.

Bi mila lagun inguru arituko dira asteburu osoan zehar lanean bost herri galdeketak posible egiteko. Bozkalekuak ipini bitarteko lana baina, handia izan da. «Urteetan iraun duten hamaika horma eraitsi baititugu hilabeteotan, eta beste horrenbeste sasi alboratu. Elkarbizitza praktikara eraman dugu», zioten antolatzaileek asteotan egin duten agerraldian.

Adin, pentsamolde eta jatorri anitzeko herritarrak batu dira Gure Esku Dagoren aterki azpian eta aniztasuna nabaritu da hilabete hauetan aurrera eramandako dinamiketan. Sare sozialetan ere izan du isla.

Musika presente izan da galdeketaren bidean eta bai Irunen eta baita Donostian ere abestiak sortu dituzte okasiorako.

Ikus-entzunezkoak ere presente izan dira eta hamaika bideo eta spot zabaldu dira han eta hemen herritarrak hautetsontzietara hurbiltzeko asmoz.

Hitzaldiak ere non nahi izan dira. Asteazkenean, ‘Catalunya: burujabetza, demokrazia, askatasuna’ izeneko hitzaldia eskaini zuen Kataluniako Presindete Quim Torrak Donostiako Kursaal jauregiko auditoriumean.

Zallan aldiz, EH Bilduko Jasone Agirre eta EAJko Josune Gorosperek hartu zuten hitza Gure Esku Dagok antolatutako hitzaldian.

Kirolaren alorrean ere nabaritu da galdeketa. Irunen, adibidez, norgehiagoka batean baino gehiagotan ikusi ahal izan da galdeketarekin bat egiten duen pankarta. Izan ere, Real Union futbol taldeak, Txingudi Rugby taldeak eta Erroibide Saskibaloi Klubak bat egin dute galdeketarekin.

Irunen zeresana eman duen beste irudi bat, Jose Antonio Santano PSEko alkateak herri galdeketaren protokoloa jasotzerakoan, Gure Esku Dagoko kideekin ateratako argazkia da.