13.329 herritarrek hartu dute parte Gure Esku Dagoren galdeketetan eguerdira artean
Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegin Gure Esku Dagok antolatuta egiten ari diren herri galdeketen lehenengo parte hartze datuak eman dituzte, 12.30ak bitartekoak. Guztira, 13.329 herritarrek eman dute jada Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruko euren iritzia, zentsuaren %5,79ak alegia.
13.329 herritarrek parte hartu dute dagoeneko Gure Esku Dago mugimenduak Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegin antolatu dituen herri galdeketetan. Donostiako Bulebarrean eman du datua Anjel Oiarbide mugimenduko bozeramaileak.
13.392 horiek zentsuaren %5,79a osatzen dute. Herriz-herri, ondorengoa izan da parte hartzea 12.30ak artean: 9.904 boto jaso dira Donostian (%6,17), 2.265 Irunen (%4,24), 498 Zallan (%6,89), 468 Balmasedan (%7,1) eta 194 Alonsotegin (%7,78).
Hainbat aurpegi ezagunek eman dute botoa, horien artean: Eneko Goia Donostiako alkateak, Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko lehendakariak, Jesus Mari Zamora futbolari ohiak, Mariano Ferrer kazetariak, Ramon Agirre aktoreak, Maialen Arzallus bertsolariak, Xabier Saldias abeslariak, Xabier Mendiguren idazle eta itzultzaileak, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak, Reyes Karrere Donostiako EH Bilduren alkategaiak eta Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak.
Hauteslekuak, zabalik 20.00ak arte
58 hautesleku zabaldu dira goizeko 9.00etan eta iluntzeko 20.00ak artean izango dira zabalik. Emakumeak izan dira botoa ematen lehenak.
2.000 boluntario baino gehiago ari dira lanean gaurko kontsultak posible izan daitezen, tartean, abokatu, legelari eta politologoz osatutako Berme Batzordea eta nazioartetik etorritako begiraleak.
Orotara, 230.210 lagunek izango dute Euskal Herriaren etorkizun politikoaz euren iritzia emateko aukera Gure Esku Dagok antolatutako galdeketen bitartez.