INFO

Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria «lehentasun politiko» gisa lantzea aldarrikatu du Onekak

Emakume nagusi «askok eta askok» pairatzen duten «prekarietatea, pobrezia, bazterketa eta bakardade egoera» salatu ditu Oneka plataforma berriak. «Gure helburua eta gure borroka, indarkeriarik gabeko bizitza da, prekarietatea eta pobrezia gaindituko dituen pentsio duina jasotzea, bizitza duina eta askea izatea, ez gehiago ezta gutxiago ere».


Oneka Plataforma osatzen duten emakume nagusi eta feministek, «emakumeek, orokorrean eta gure kolektiboak, bereziki, jasan behar duten indarkeria» salatu dute. Plataforma berri honen lehen asanblada  egin dute eta azaroaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako egunari begira, «gaitzespen osoa» adierazi dute haien kolektiboko hainbat emakumek jasaten duten indarkeriaren aurrean.

«Emakume izatea eta horrez gain, adinekoa bada, indarkeriaren biktima izateko arrisku taldean murgiltzen gaitu. Era askotako indarkeria izan daiteke: irainak, bazterketa, diruaren kontrola, sexu indarkeria eta azken muturreko menpekotasun ezaugarri bezala, hilketa», adierazi dute prentsaurrekoan.

Haien hitzetan, adineko emakumeak dira euren burua defendatzeko «arazo larrienak» dituztenak, «sinesgarritasuna ezbaian jartzen delako, salatzeko orduan beldurraren menpe geratzen garelako, geure lotsak eta ahuldadeak, isiltasunera bultzatzen gaituztelako». Honen aurrean, kalera irtetea «derrigorrezkoa» dutela iritzi dute eta, modu honetan, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria lehentasun politiko gisa kokatu.

Pentsioen arrakalan ere jarri dute ikusmira. «Seguritate Sozialeko 2018ko martxoaren datuen arabera, emakume gehienek, alarguntza pentsioa kobratzen dute. Gizonek, aldiz, jubilazio eta ezintasun iraunkorreko pentsioak jasotzen dituzte. Lortu ditugun azken datuen arabera (2018ko urria) EAEko gizonen jubilazio pentsioa, emakumeena baino %69 handiagoa da. Nafarroan, aldiz, emakumeenak baino %65,38 handiagoak». Guzti honek «indarkeria egoerak erraztu» egiten dituztela salatu dute.