Galduta zuten partidari buelta eman diote Olaizola II.a eta Albisuk (22-21)
Urrutikoetxea-Aretxabaleta, partida hasiera bikaina jokatuta, 5-17 eta 12-20 jarri dira aurretik baina ezin izan dute lehen puntua eskuratu. Olaizola eta Albisuk, aldiz, kontrako norabidean, markagailua irauli eta txapelketari garaipen batekin ekitea lortu dute, uste baino gehiago sufrituta.
Eskuetan zutela zirudien puntuak ihes egin die Urrutikoetxea-Aretxabaletari bi parte oso desberdin izan dituen partidan. Joko maila bikaina erakutsita, 5-17 aurreratu da bikote bizkaitarra, baina ez dute lehia amaitzen asmatu eta garesti ordaindu dute behetik gora egin duten Olaizola II.a-Albisuren aurka.
Faborito garbien zama jarri diete goizuetarrari eta ataudarrari, baina partida hasieran ez dute horretarako jokorik erakutsi. Atzelariari kosta egin zaio, asko gainera, Arexabaletari bizkarra erakustea, eta gainera huts batzuk ere batu ditu. Aurrean, aldiz, Aimar Olaizolari kosta egin zaio frontoian jartzea eta ezker gantxoak ez dio behar bezala funtzionatu. Urrutikoetxea txanpon beraren beste aldea izan da, tantoak bikain amaitu ditu eta pilota gainera bizi mugitu du.
Hala ere, faboritoek ez dute burua makurtu eta lanean jarraituta, partidari buelta eman diote ezinezkoa zirudienean. izan ere, bigarren botean eramana izan den pilota baten ostean, 12-20 aurreratu dira urdinak, baina Aimar Olaizolak txokoan sekulako zuloa aurkitu, Albisu ere pilota gozatzen hasi da eta Aretxabaletak ezker paretan gora botatako pilota batek garaipena eman die.