Administrazioek «hobetu beharra» dute herritarrei hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko
EAEko administrazioetara idatziz jotzen duten herritarren %30ek euskaraz edo ele bitan egiten dute, komunikazioa aurrez aurrekoa denean %38,1era igotzen da kopurua eta harremana telefono bidezkoa denean %36,3ra. Langile publikoak lehen hitza esaterakoan erabiltzen duen hizkuntzak eragin handia du. Bingen Zupiria Lakuako Hizkuntza sailburuak aitortu du administrazioek «hobetu beharra» dutela herritarrei hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko, eta Euskaraldiak horretan lagun dezakeela uste du.
Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, euskararen ezagutza eta erabilera EAEko administrazioetan «altua» da baina, hala ere, aitortu du oraindik ez dira gai kasu guztietan herritarrek hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko. Horrela, herri administrazioek «hobetu beharra» dutela aitortu du, eta Euskaraldiak horretan lagundu dezakeela uste du. Urkulluren Gobernu Kontseiluak bat egin du ekimenarekin.
Josu Erkoreka bozeramailearekin, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin agerraldia eskaini du Zupiriak eta V. Plangintzaldirako (2013-2017) Lakuako Gobernuan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusiaren amaierako ebaluazioaren datuak ekarri ditu gogora.
Ebaluazioak 323 erakunde eta 38.000 langileren hizkuntza portaera eta ezaugarriak neurtu zituen, 800 langileren lagina eta 203 erakundetako ordezkariren erantzunak jasoz.
Horren arabera, herritarrekiko harremanari dagokienez, Administraziora idatziz jotzen duten herritarren %30ek euskaraz edo ele bitan egiten dute, eta kopuru hori handitu egiten da komunikazioa aurrez aurre gauzatzen denean (%38,1) edo telefonoz denean (%36,3). Halaber, txostenak erakutsi du aurrez aurreko elkarrizketetan eta telefono bidezko harremanetan eragin handia izan duela lehen hitza esatean langileek erabili duten hizkuntzak.
«Lehen hitza euskaraz beti esaten duten langileen kasuan, aurrez aurreko elkarrizketen %48,3 euskaraz izan dira, eta %14,4 ele bitan. Telefono bidezko harremanetan, datuak are altuagoak dira. Beraz, garrantzi handia dauka langileen portaerak, eta joera horiek aldatzeko ere lagungarria izan daiteke Euskaraldiak proposatu digun ariketa», azaldu du Zupiriak.
Hala ere, onartu du Administrazioa ez dela beti gai izaten herritarrek hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko. Idatzizko komunikazioen kasuan, herritarrek hautatutako hizkuntzan erantzuten zaie hamarretik bederatzitan; hortaz, EAEko administrazioek hamarretik bati gaztelaniaz erantzuten diote, nahiz eta euskara hautatu. Aurrez aurreko harremanetan, herritarrak euskara aukeratzen duenean lautik hirutan euskaraz erantzuten zaio (laurden bati gaztelaniaz erantzuten zaio, nahiz eta euskara aukeratu).
Langile publikoen arteko harremanei dagokienez, alde nabarmena dago idatzizkoaren eta ahozkoaren artean. Langileen idatzizko harremanetan gaztelaniak hartzen du indarra, baina ahozkoan lankideen artean herritarrekin baino gehiago erabiltzen da euskara. Langileen arteko bileren %41,5 euskaraz edo ele bitan egiten dira eta, ordezkari politikoak daudenean, bileren %46,5 egiten dira euskaraz. Idatzizko barne komunikazioari dagokionez, agiri informalen %39,5 egiten dira euskaraz edo ele bitan eta, agiri ofizialen kasuan, %55,3 egiten da euskaraz edo ele bitan.
Sailburuak nabarmendu duenez, bilakaera positiboa egon da administrazioetan euskararen erabilerari dagokionez, eta horrek zerikusi zuzena dauka ezagutzan izan den jauziarekin. Gaur egun, langileen %71k era bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna dute eta, beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, prestatuta daude euskaraz ere lan egiteko. Kopuru hori %23,5 zen 1990an.