INFO

2019ko Urrezko Danborrerako hautagai guztiak emakumeak izatea proposatu du EH Bilduk

Eneko Goia Donostiako alkateari eta gainerako udal taldeei proposamena helarazi die EH Bilduk, 2019an Urrezko Danborra jasotzeko hautagai guztiak emakumeak izan daitezen. 1967an aitortza hori ezarri zenetik soilik zazpi emakumek jaso dutela azpimarratu eta «parekidetasunean harago joateko unea» dela nabarmendu du koalizioak. 

Cristina Iglesias izan zen Urrezko Danborra jaso zuen azken emakumea, 2016an. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, Donostiako EH Bilduren udal taldeak jakinarazi du Urrezko Danborra jasotzeko proposatuko dituen hautagai guztiak izango direla eta, hain zuzen, horixe izango da gainerako talde politikoei egin dien eskaera. 

«Parekidetasunean harago joateko unea dela uste dugu eta 2019ko Urrezko Danborra sariduna emakumea izango dela bermatzeko konpromisoa hartu behar du Udalak», adierazi du koalizioak. Bihar egitekoa den Bozeramaileen Batzordeari begira ere egin diote eskaera hori Eneko Goia alkateari. 

Gogoratu dutenez, 2017an «udal gobernuak egindako bidegabekeriaren ostean» iaz aldatu egin zen Urrezko Danborra aukeratzeko prozedura. Araudi berri horren arabera, herritarrek nahi adina proposamen egin ditzakete eta, ondoren, udal taldeei dagokie herri galdeketara eramango diren izenak aukeratzea. Zehazki, Bozeramaileen Batzordeak adostu behar ditu izen horiek, gutxienez hiru eta gehienez bost. 

Horrexegatik hain zuzen planteatu du EH Bilduk hautagai guztiak emakumeak izateko proposamena. 

Izan ere, nabarmendu dute 1967an Urrezko Danborra ezarri zenetik, talde edo erakundeak zenbatu gabe, 68 gizonek jaso dutela saria eta, aldiz, soilik zazpi emakumek. 

Egindako proposamenarekin «agintaldi honetan egin diren esfortzuak» ez dituzte gutxietsi nahi. «Adibidez, 2016an sariduna emakumea izan zen, Cristina Iglesias, eta 2017an saria emateko eztabaidaren azken proposatuak denak emakumeak izan ziren (tamalez, beste arrazoiengatik saria huts geratu zen). Eta 2018an saria emateko prozedura aldatu ondoren, herritarrei luzatu zitzaien hautagaitzan ere bost pertsona zeuden eta horietatik lau emakume ziren». 

Koalizio abertzalearen iritziz, «Urrezko Danborraren kasuan ere emakumeen ikusezintasun handia bezain zabala» izan da. «Ez da posible biztanleriaren erdia garen emakumeok soilik zazpi aldiz jaso izana Urrezko Danborra», adierazi dute. 

Horregatik uste dute «hau dena aldatzeko unea dela».