INFO

Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furia dira 21. Korrikaren abestiaren interpreteak

Gaur aurkeztu dituzte apirilaren 4tik 14ra Euskal Herria zeharkatuko duen 21. Korrikaren abestia eta bideoklipa; Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furia dira interpreteak.

Gaurko agerraldiaren irudia (@aek)

Apirilaren 4tik 14ra Euskal Herria zeharkatuko duen 21. Korrikak badu abestia; Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furia dira aurtengo edizioko interpreteak. Musika, aldiz, Kataluniako Chalart58 eta Fermin Muguruzak sortu dute elkarlanean.

Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian, Fermin Muguruzak ohikoa duen estiloan.

Bilboko Bira kultur gunean egindako agerraldian aurkeztu dituzte aurtengo abestia eta bideoklipa eta bertan izan dira Asier Amondo Korrikako arduraduna eta La Furia, Mad Muasel eta Fermin Muguruza interpreteak; azken honek zuzendari artistikoaren lanak ere egin ditu.

Amondok nabarmendu du bi mundu irudikatu dituztela kantuan, «talka adeitsuan». Era berean, Garestik Gasteizerako bidea girotzeko kantu ezin hobea dela iritzi dio, «indartsua eta berritzailea».

«Klika» izango du lelo apirilaren 4tik 14ra Euskal Herria zeharkatuko duen 21. Korrikak eta Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ izango da aurtengo omendua.

Gares izango du abiapuntu euskararen aldeko ekimen erraldoiak eta hamaika egun arineketan gure lurraldea zeharkatu ostean, Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Gau eta egun gelditu gabe, bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte bertan parte hartuko duten milaka partaideek. Abiapuntutik helmugara eskuz esku bidaiatuko du lekukoak, eta baita barruan gordeko duen mezuak ere.