«Abesten entzun eta laguntzea erabaki nuen, kosta ahala kosta»
Neska gaztea zen Mikel Laboa ezagutu zuenean. Urteetan izan zuen kantaria atzetik. «Ni ez nintzen askorik hunkitzen», dio. Hasieran lagun, ondoren bikote, behin eskua eman zionean betirako izan zen. Bidaide, akuilu eta sostengu izan du Laboak.
Nekatu samar hasi du elkarrizketa Mari Sol Bastidak –aurretik beste bat egin du–, baina pixkanaka, aldartea hobetuz joan zaio. Eta hainbat unetan garbi erakutsi du bere nortasun sendoa, betidanik izan duen barne indarra.
Kezkati hasi du solasaldia. Kezka gaur egungo jendarteagatik –«guk gizarte hobearekin amesten genuen eta momentu honetan ez dut ikusten gauzatzen ari denik»– eta kezka kulturgintzak bizi duen egoeragatik. Eta honi lotuta, sortzaile klasikoen transmisio etenagatik.
Belaunaldi gazteenganaino indartsu iritsi da Laboaren itzala, baina haren figura bere osotasunean iritsi ez den beldur da Bastida. «Bertsioek Mikelen lana aktualizatzen dute, baina askotan abesti jakin batzuetan zentratzen dira eta ez dute kontuan izaten hark belaunaldi desberdinetan eta diziplina anitzetan egindako lana», aldarrikatu du.
«Mikel bizirik egon zen bitartean, berak edo kolaboratzaileek defendatzen zuten bere obra. Baina orain, ez dagoenean, zer? Beste batzuek egin behar dute lan hori», gaineratu du.
Makalaldi fisikoa du azkenaldian baina burua argi du. 80 urteak beteak ditu eta ikustekoa da Mikel Laboarekin bizitako esperientziak zein txukun iltzatuta dituen memorian. Atzo izan balira bezala gogoratzen ditu, eta bata bestearen atzetik aletzen, datak (urtea, hilabetea...) zehazki azpimarratuz.
Testuingurua ezinbestekoa da gertatutakoa egoki ulertzeko. Hala nabarmendu du. Garrantzitsua da berarentzat gertaerei data jartzea. «Mikelek, bere nondik norakoak elkarrizketetan kontatzerakoan –ez zitzaizkion batere gustatzen– laburtu egiten zituenean sutu egiten nintzen», aitortu du.
Dataziorako duen zaletasunaren emaitza da “Memoriak, Mikel Laboaren biografia bat” (Elkar, 2014) argitalpena. Bertan xehetu zituen urtez urte, kasik kontzertuz kontzertu, bizitakoak. Kaierean txukun-txukun apuntatuz joan baitzen, inoiz kontakizunak argia ikusiko zuen jakin gabe, baina bere formazio akademikoagatik –Ekonomia Zientziak ikasi eta Teoria Ekonomikoa eta batez ere Makroekonomia irakaslea izan da EHUn 41 urtez– diziplina metodikoari jarraiki.
Laboa bera izan zen inoiz «liburua bukatuko duzu, ezta?» ezustean galdetuz jarraitzera animatu zuena. «Hura konpromisoa eta hura arriskua!», dio liburuan. Bastidak berak azken unean zalantza handiak izan zituen. Izan ere, erabat biluzten da bera, eta modu berean biluzten du bien arteko harremana.
«Abentura zoragarria»
Senarrarekin partekatutako bizitza nola gogoratzen duen galdetuta, «abentura zoragarria izan zen, posible izango balitz berriro bizitzea nahiko nukeena, nahiz jakin ezinezkoa dela». Hala esan izan du eta hala berretsi du gaur, zalantza izpirik gabe.
Mikel Laboa gizonarekin izandako bizipenen –goxoak zein garratzak– testigantza dira bere memoriak. Baita Mikel Laboa artistari izan dion eta oraindik dion miresmenaren lekukotza ere. Zerk bultzatu ote zuen pasadizoak kaieran idatzita gordetzera? Zein intuiziok esan zion Mikel gazte haren musika ibilbideak gure herrian zeresana emango zuela? «Bartzelonan 1964ko udaberrian entzun nuen kontzertu batean ‘O Pello Pello’ eta ‘Bereterretxeren Khantoria’ abesten. Zeharo liluratu ninduen! Eta ez nintzen bakarra, eskerrak, beste asko ere hala zeuden. Ez zen zer egiten zuen, nik ezagutzen nituen kantuak, nola baizik. Une hartan erabaki nuen ahal nezakeen guztian lagunduko niola hura aurrera ateratzen, kosta ahala kosta, dudarik gabe». Begiek dir-dir egin diote.
Ordurako Londresetik bueltan zen Bastida, eta han ikusi eta ezagututakoak eragina izan zuen. «Han egon izan ez banintz agian ez nuen Mikel miretsiko gero miretsi nuen bezala», dio.
Bere buruari zin egindakoa urte luzez bete zuen. Gertatuak gertatu –estutasun ekonomikoak, tarteko– senarraren akuilu eta sostengu izan zen. Biak batera. Akuilu, agertoki gainera igotzeko –«batez ere 60ko hamarkadan, gero ere bai, baina buelta ematen zion»– edo estudiora grabatzera sartzeko beldur zenean. Eta sostengu, Laboaren gaixoaldietan –nahi baino gehiago izan zituen– eta une zailetan. Gogorrak ere izan baitziren, bere kantagintza berritzailea ez baitzuen momentu askotan euskal jendarteak ondo ulertu eta hartu.
«Mikelek errespetu izugarria zion tradizioari eta zentzu berezia ematen zien kantuei. Nolabait fidela zen, baina ez zuten ulertu. Sortzen zuen harridura sinestezina da! Eta gero Ez Dok Amairuren ibilbidean ezinbestekoa izan zen kantu tradizionala lantzea», azpimarratuko du.
Harridura haren lekuko da “Zeruko Argia” aldizkarian 1965eko abuztuaren 1ean kazetariak egindako galdera: «Bainan... oraingo haide berri horiek ez dute ondatuko abesti horien izakera? (sic)», bota zion. Eta Laboaren erantzuna: «Ez, ritmoa zerbait berritzeak ez dio sustraia aldatzen abestiari, gainera, interprete bakoitzak beti eman behar dio bere estiloa (sic)». Eta euskal kantagintzaren norabidea aurreikusi zuen, «mamitsua, gai espiritualei zein sozialei leku egingo ziena».
«Erakutsi nion behin, eta Mikelek, ‘a bai? horrelako gauzak esaten nituen?’, bota zidan», kontatu du irribarrez Bastidak.
Haize-kontra
Iragarritako bide hura hartu zuen Laboak. «Protesta kantua ez, Atahualpa [Yupanqui] eta Violetarekin [Parra] konpromisodun kantua egin zuen. Bizitza, maitasuna, arazo sozialak, dena barne hartuta. Ez zuen protesta kantua egin modan zegoelako. Oso garbi zeukan hori egin behar zuela».
Koldobika Jauregik esana da esperimentazioa ez zela Mikelek bilatzen zuen zerbait, gidatzen zuen barneko indar edo premia baizik. Eta bat dator. «Mikelek bazuen indarra barruan berak sinesten zuena egitera bultzatzen zuena. Nahiz publikoa ados ez egon. Hori garbi zuen».
Garai zailenaz galdetuta, zera dio: «Kantu tradizionala berreskuratzeagatik jendea harritu egiten bazen... pentsa, bidea ez zen erraza izan. 60ko hamarkadan zeharo minoritarioa zen. Bere lehenengo kantu benetan ezaguna ‘Egun da santimamiña’ (1965) izan zen eta ez zen berea, nahiz berak egin zuen ezagun. Eta Lekeitioekin hasi zenean ere ez zen erraza izan», aitortu du.
Bizitako zailtasunen harira, 1972ko udaberrian “Gernika” estreinatu zuenekoa datorkio gogora. «Gernikako pilotalekuan izan zen, hainbat kantarik parte hartu zuten jaialdian. Mikelek zer beldur pasa zuen hura kantatzean! Bazekien abesti zaila zela, bazekien, baina jaialdia bukatzean gerra pasea zuten adineko bi gizon hurbildu zitzaizkion benetan hunkituta zeudela kontatzera. 70eko hamarkadan herri askotan eskatzen zioten kantatzeko, sekulakoa zen, aldiz, beste toki batzuetan txistuak entzun behar izan zituen. Baina berak aurrera egin zuen. Eta nik sinesten nuen bere bidean».
Hausnarketa
1979-1985 urteen bitartean zuzenekoak eten eta nondik jo hausnartzeko baliatu zuen. “Lau-bost” (Xoxoa, 1980) diskoa grabatu zuen tarte hartan. Huraxe izan zen Bastidaren hitzetan «unerik txarrenetakoa». «Grabatu aurreko egunetan oso gaizki zegoen, gutxitan ikusi nuen hain estresatuta. Politikoki garai oso zailak ziren eta masterra Iparraldera eraman zuen badaezpada Jean Phocasek. Nik diskoa grabatu egin behar zuela esaten nion eta horrela ikusita errudun ere sentitu nintzen, agian gehiegi presionatzen nuela pentsatuz. Hamar urteko norabidea aldatzeak ardura handia sorrarazi zion».
Beldurrak beldur, eta haiek gaindituz, Euskal Herriko kulturgintzaren ikur izatera iritsi zen Laboa. Bastidak baietz dio buruarekin. «Haize-kontra joan zen eta arriskuak hartuz, gainera», nabarmendu du berak. «Humanista zen –artista alderdia gailentzen zitzaion, agian– baina zientzia medikoan asko sinesten zuen eta esaten zuen nolabait ‘ero’en munduaz zuen ezagutzak eragina izan zuela bere obran», kontatu du.
Roy Hart-ek Laboarengan izan zuen eragina azpimarratu du Bastidak. «Askok John Cage aipatu izan dute, baina nire ustez sakonagoa izan zuen Roy Hartena. Hura II. Mundu Gerratean mediku bezala aritu zen. Lan handia egin zuen ahotsarekin (garrasiak eta landuz), hainbat proiektu egin zituen musika eta antzerkia uztartuz».
Azken bi urteetan, zuzenekoak uztea oso-oso gogorra egin zitzaion. Gitarra jotzea uztea, zeresanik ez, bizi osoan jo baitzuen. «Ordura arte bere grabaziorik apenas entzuten zuen baina orduan hasi zen eta ‘Gernika’-rekin negar egiten zuen. ‘Aizu mutil, zure emozioak espresatzeko arazoak badituzu ‘Gernika’ jarriko dizut’, esaten nion», amaitu du.
MEMORIA-LIBURUAN ESAnAK
GITARRA EZIN JO
«‘Ez dakit nik... hemen, garunean, pieza bat moztu balidate bezala da’, esan zigun Mikelek».
KRITIKA ONAK AZKENEAN
«Hainbeste urtean Mikelengan ‘sinetsi’ ondoren, aitorpen guztiekin ni ere pozik sentitu nintzen».
ALDERDI POLITIKOAK
«Ez zen alderdi politiko bateko kide. Bere kultur jarduerak denei zabalik behar zuen egon».
HERRIAK
«Mikel abertzalea zen eta herri desberdinen kultura ezaugarriak defenditzen eta maite zituen».