Azokaren geografia
Durango euskal kulturaren “erromesen” Meka bihurtzen da egunotan. Badakigu txotxolokeria irudi dezakeela, baina egia biribila da. Hori bai, bertaratzen den bakoitzak bere azoka propioa bizi du, bere gustu, nahi eta aukeren arabera; batzuek stand eta aretoetan murgilduta, beste askok jai giroan, Anbotoko magalean urtero ospatzen den euskal kulturaren akelarrean indarrak berreskuratzen. Negua hotza suerta baitaiteke. Jarraian, Gerediaga elkarteak antolatutako 53. edizioaren gaineko zenbait zertzelada emango dizkizuegu, gomendio gisa, nork bere azoka pertsonala molda dezan.
Beraz, has gaitezen hasieratik. Aurten Azoka abenduaren 5etik 9ra egingo da. Lehen eguna, asteazkena eta laneguna, martxan jartzeko erabili ohi da. Ikasleei zuzendutako eguna da, baina merezi du bisitatzea;, Zugaza zinemara gerturatzen bazarete Irudienean Atxagaren nobelan oinarritutako “Soinujolearen semea”-ren aurrestreinaldia izango baita 12.30ean (gonbidapen bidez). Ez da hori eguneko hitzordu interesgarri bakarra, Asier Altuna eta Telmo Esnalen “Agur Etxebeste!” proiektuaren aurkezpena ere egingo baita (17.00) eta Esnalen “Dantza” filmari buruzko dokumental bat ere ikusi ahal izango (19.00). Plateruenan Huntzak emango dio bukaera egunari (23.00, 8 euro aurretik eta 10 txarteldegian).
Benito Lertxundi izango da osteguneko protagonista (abenduak 6); Landakoko areto nagusian bost hamarkadako sorkuntzari buruz mintzatuko da jendaurrean (12.30). Horrez gain, badira hitzordu interesgarri gehiago ere; Ahotsenean “Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik” (13.00) saioan hainbat bertsolari solasean arituko dira, eta areto nagusian, arratsaldean, 68ko maiatza ekarriko dute gogora (18.30) Mariasun Landak, Ismael Manterolak eta Belen Oronozek. Eguna bukatzeko, Esne Beltzaren lana Plateruenan (23.00etan; 10 euro aurretik, 12 euro txarteldegian).
Ostirala (abenduak 7) egun lasaia izaten da bisitariei dagokienez –larunbata izan ohi da egun jendetsuena–, baina ez dago ziurtatzerik. Areto nagusian (12.30) sortzaile kazetari bat, Sustrai Colina, eta kazetari sortzaile bat, Garbiñe Ubeda, aurrez aurre izango dira. Toki berean, jakin-mina sortu diguten ikusgarri batzuk: “Humanity at Music: Mondragon Esperientzia kooperatiboaren soinu banda” (14.30), hau da kooperatiben sinfonia –Jon Sarasua dago tartean– eta jarraian (15.00) Aranzadi Zientzia Elkartearen “1968, Gipuzkoa estado de excepción” lana, Paco Etxeberriaren parte hartzearekin. Esloveniako kulturgintza ezagutu ahal izango dugu (16.00) eta Modus Operandiren estreinako lana Plateruenan (23.00etan, 8 euro aurretik, 12 bertan).
Larunbatean, abenduak 8, iritsiko da zoramena. Ahotsenearen karpan sartu eta aspertu arte gelditzeko aukera dugu –Gatibu (11.00), Txapelpunk (12.20), Hesian (13.30)...– edo stand guneetatik pasa gaitezke, Carlos Garaikoetxea (14.00) batetik, eta bestetik Telmo Esnal eta Juan Antonio Urbeltz dantzari buruz solasean (15.00) ikusi ahal izango baititugu. Plateruenan Anestesiaren 25. urteurrena ospatuko dute (23.00etan, 10 euro).
Igandea lasaiagoa izango da agian; hasierako yoga saioak (11.00) lagunduko du horretan. Mahai inguru interesgarri bat izango da, kartzela eta eskubideen urraketei buruzkoa (14.00), Joseba Azkarraga, Iñaki Lasagabaster eta Jon Iñarritu hizlari direla, eta Azoka ixteko, Olatz Salvadorren (20.00) doako kontzertua Plateruenan.