INFO

Nafarroako erresuma omendu dute egungo agintariek

Nafarroako erresuma omendu dute egungo agintariek Nafarroako Egunaren ekitaldien barne. Uxue Barkos lehendakaria, Parlementuko presidente Ainhoa Aznarez eta merinaldetako buruetako alkate edo ordezkariak izan dira loreak eskaini dituztenak.

Uxue Barkos lehendakaria, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea eta merinaldetako buruetako udaletako ordezkariak gaurko omenaldian. (@MartxeloDiaz)

Hauekin batera, Gobernuko kontseilariak, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSNko parlamentariak eta diputatuak, beste herrietako alkate eta zinegotziak, eta Gobernu espainoleko ordezkari Jose Luis Arasti izan dira. PPko Jose Cruz Lapazaran senataria izan da. Ez da UPNko kargu nagusirik hurbildu Nafarroako Erret Jauregira (egun Artxiboaren egoitza dena).

Txantreako Gaiteroen Bandaren musikarekin eman diote hasiera zeremoniari, eta, ondoren, Nafarroako sei merinaldetako (Nafarroa Beherea barne) 31 dantzarik eta txistularien bandak parte hartu dute. Jarraian, Nafarroako bandera astindu dute eta Aldapako San Ferminen ezpata-dantzaren ondoren, Barkosek lore eskaintza egin du. Ondoren, Azanarezen txanda izanda eta gero, hurrenez hurren, Iruñea, Tutera, Lizarra, Zangoza eta Erriberriko alkate edo alkateordeena.

Zeremoniari amaiera emateko, Nafarroako Ereserkia jo dute.

Nafarroako Egunaren ekitaldien baitan Urrezko Domina emateko zeremonia ere izan da. Aurten minbiziaren aurka aritzen den Saray elkartea izan da sariduna.

«Ondorengo belaunaldientzat hobea izanen den Nafarroaren alde lan egiteko konpromisoa», nabarmendu du lehndakariak. Barkosen esanetan, «egun, ilusioz eta konfiantzaz begiratu ahal diogu etorkizunari. Nafarroa solidarioago, modernoago, pluralago, oparoago, aurreratuago eta kohesionatuagoaren oinarriak finkatu ditugu, geroak ekarriko dizkigun erronka zirraragarriei gogotsu aurre egiteko».

Uxue Barkosek halakoxe parekotasuna ezarri du, 2018ko Nafarroako Urrezko Domina irabazi duen Saray elkartearen berezko lau balioren –«elkartasuna, kemena, itxaropena eta ahalegina, nafar gizartean ere oso sakon errotuta dauden balioak»– eta nafarrek ondorengo hilabete eta urteetako erronkei aurre egiteko erabili beharreko jarreraren artean.

Honela, Nafarroako lehendakariak elkartasunaren balioa azpimarratu du, «den-denok bat eginda aurrera egin dezagun», eta inondik ere errazak izango ez diren erronkak aipatu ditu; iraultza digitala, kasu. Halaber, Barkosek ziurtatu du «kanpoko klima ekonomikoa zalantzak sortzen hasia dela eta honek eragin zuzena izango duela Nafarroan. Hala ere, nik uste dut baldintza hobeagoetan aurre egiteko gai izango garela, izan ere, azken urteotan, gure ereduaren zimendu nagusiak indartzea lortu dugu: hezkuntza, osasuna, mendekotasunaren arreta, berdintasuna, berrikuntza edo ingurumena, inor bide-bazterrean ez gelditzeko babes sozialeko sistemarekin batera».

Orreaga, kalean

Ekitaldi ofizialez harago, Orreaga Fundazioak ere Nafarren Biltzarra antolatu du gaur. «Jai honen izpiritua ospakizuna kalera ateratzea da eta ez dadila solilik Nafarroako Gobernuaren aretoetan geratu, ekitaldi protokoloario eta instituzional hutsak izanik», adierazi dute Orreagako kideek.

Aurten, ehun urte bete dituen Eusko Ikaskuntza omendu du Orreagak, Nafarroako kulturaren alde egindako lana txalotzeko asmoarekin.