Bengoetxea-Imazek nagusitasunez lortu dute lehen puntua (22-10)
Aurrean eta atzean Urrutikoetxea baino askoz gehiago izan dira garaipenik pilatu ezinda jarraitzen duten Urrutikoetxe-Ibai Zabalaren aurka
Sailkapeneko azken postutik ihes egiteko partida jokatu dute gaur Bengoetxea VI.a-Imaz eta Urrutikoetxea-Ibai Zabala –Andoni Aretxabaletaren aurka aritu da berriztarra– eta gorriak ustez baino askoz errazago nagusitu dira kolore bakarreko partidan.
Aurrean eta atzean arerioak baino askoz hobeak izan dira leitzarra eta oiartzuarra eta hasiera-hasieratik hartu dute aldea markagailuan (5-0). Parean jotzailerik ez zuela, eroso eta fresko aritu da Ander Imaz eta gehienean bizkarra erakutsi dio Ibai Zabalari. Aurren ere, kontraerasoan jokatu behar izatera ohituta, Oinatz Bengoetxea ere oso erraz ibili da gaur, bere atzelariak partidaren aginte makila zuela eta Urrutikoetxea baino askoz eraginkorrago aritu da.
Partida azken emaitzak erakusten duena baino borrokatuagoa izan den arren, sekula ez du arriskurik izan lehen puntua eskuratu duten Bengoetxea eta Imazentzat.