INFO

«Anitza, baikorra eta arrakastatsua» izan da Durangoko Azokaren 53. edizioa

«Anitza, baikorra eta arrakastatsua». Hala definitu dute antolatzaileek Durangoko Azokaren 53. edizioa. «Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan», azpimarratu dute. Estimazioen arabera, 115.000 lagun baino gehiago gerturatu da egunotan Landakora. 2019ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da Azokaren 54. edizioa.

115.000 lagun inguru pasa da egunotan Landakotik. (Endika PORTILLO/FOKU)

Bost egunez luzatu da igande honetan ateak itxiko dituen Durangoko Azokaren 53. edizioa. Eta iritsi da balorazioa egiteko unea.

Bost egun hauetan «Landakon, gainontzeko guneetan eta Durango osoan» egon den giro ona azpimarratu dute Azokako antolatzaileek: «Azoka, beste behin, euskal kulturaren plaza izan da. Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea».

Zentzu horretan, «anitza, baikorra eta arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute, iragan bost egun hauen balorazio «positiboa» eginez. «Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatiboan eta kualitatiboan», adierazi dute.

Gerediaga elkarteak jasotako iritzien arabera, ona izan da Azoka argitaletxe, editore, diskoetxe, autoekoizle eta sortzaileentzat. Salmenta aldetik «berdintsua» izan da egun ezberdinen artean, eta kasu askotan euren espektatibak gainditu dira.

«Etengabea» izan da bisitarien joan-etorria Azokako bost egunetan. Azokak egin duen estimazioaren arabera, 115.000 lagun baino gehiago gerturatu da egunotan Landako gunera. «Aurreikuspenak gainditu dira».

Behin aurtengoa amaituta, datorren edizioari begira jarri dira Gerediaga Elkartea eta Durangoko Azokako antolakuntza taldea. Hala, 2019ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da Azokaren 54. edizioa.