Justizia Ministerioarekin izandako elkarrizketen berri emango dute bakegileek bilkura publikoetan
Luhusoko atxiloketen bigarren urtemugan eta Parisko mobilizaziotik urtebete igaro denean, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan bilkura publikoak egingo dituzte bakegileek, Justizia Ministerio frantsesarekin izandako azken elkarrizketen berri eman eta urtarrilaren 12ko mobilizazioaren garrantzia azpimarratzeko.
Bakegileek ohar bidez azaldu dutenez, «gizarte zibilari esker» gatazka konpontzeko bidean «pausu batzuk lortu dira», baina «mobilizazio berri baten atarian», garrantzitsutzat jo dute azpimarratzea «bakerako bidea ez dela bukatua».
Ildo horretan, euskal presoen egoerari irtenbidea eman behar zaiela nabarmendu dute.
Justizia Ministerio frantsesarekin izandako azken elkarrizketen berri emateko eta urtarrilaren 12an «Orain presoak» lemapean Bilbon eta Baionan egingo den mobilizazioaren garrantzia azpimarratzeko hainbat bilkura publiko antolatu dituzte bakegileek.
Ministerioarekin harremanetan izan den delegazioko kide diren Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas bakegileak izango dira hizlariak Donibane Lohizunen (abenduaren 18an, 18.30ean, Ducontenia gelan), Baionan (abenduaren 19an, 20.00etan, Elkarteen etxean), Donibane Garazin (abenduaren 20an, 20.00etan, administrazio gunean) eta Uztaritzen (urtarrilaren 4an, 20.00etan, Lapurdi gelan) egingo diren bilkuretan.