INFO

Presoen egoerari «begirada bat barrutik» egingo diote Iruñeko Sarasate pasealekuan

Orain Presoak dinamikaren baitan, bi egunez, hilaren 28 eta 29a, zortzi metroko ziega bat jarriko dute Iruñeko Sarasate pasealekuan, espetxeetan ematen diren giza eskubideen urraketak azaleratu, gatazkaren konponbidearen beharra azpimarratu eta urtarrilarean 12an Bilbo eta Baionara bertaratzeko deia egiteko. 

Sarasate pasealekuan egingo duten ekimenaren kartela.

Ohar baten bitartez, Sare Herritarrak bultzatutako Orain Presoak dinamikak azpimarratu du «euskal presoen eskubideen alde zein elkarbizitzaren eta bakearen alde lan egin eta indarrak batzea» dela bere egitekoa. 

«Etorkizunari begira ezbedinen arteko zubiak eraikitzea beharrezkoa a. Gatazkaren ondorioak konponbidean jarri eta bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar dira», adierazi dute, baina horrek «denon ahalegina» eskatzen duela gaineratu dute. 

Ildo horretan, iragarri dute hilaren 28 eta 29an Iruñeko erdigunean dagoen Sarasate pasealekuan ekimen iraunkor eta ikusgarria egingo dutela. ‘Begirada bat barrutik’ izendatu duten ekimen honen baitan, zortzi metroko ziega bat jarriko dute, ohe bat, mahai eta aulki banarekin, espetxe barruko baldintzak irudikatu nahian. 

Ostiralean, goizeko 10.00etatik arratsaldeko 19.30era eta larunbatean 10.00etatik eguerdiko 13.30era egingo da ekimena. 30 herritar gonbidatu dituzte, bakoitza 30 minutuz ziegaren barruan egon dadin: alderdi, sindikatu eta bestelako eragileetako ordezkariak, marrazkilariak, abeslariak, bertsolariak, kazetariak...

Esparru eta sentsibilitate desberdinetako jendearengana jo nahi dute, txanda labur horiek egin eta ekimenarekin bat egin dezaten. Orain arte hainbat izen konfirmatu dituzte: Julio Soto bertsolaria, Maider Ansa abeslaria, Anabel Arraiza aktorea edota Martxelo Diaz GARA eta NAIZeko kazetaria, besteak beste.

Ekimen honekin, espetxeetan ematen diren giza eskubideen urraketak azaleratu, gatazkaren konponbidearen beharra azpimarratu eta urtarrilarean 12an Bilbo eta Baionara bertaratzeko deia egin nahi dute.