INFO

Gogorkeriari «gogor» erantzuteko konpromisoa hartu zuten abadeak

«4. 4. 1.000 operazioa aurrera doa». Huraxe izan zen adostutako seinalea, eta aurrera joan zen, bai. Dozenaka abadek balentria egin zuten 1968an, Derioko apaiztegia okupatuta. Diktadurari gogor erantzun behar zitzaiola uste zuten, eta berba ekintza bihurtu zuten.


Euskal Herriak frankismoaren aurka izandako borroka emankorrean kapitulu berezia merezi du apaizek egin zuten ekarpenak. Hemerotekari begirada bat emanez gero, zaila da topatzea herri honetan orduan izandako gatazka edo mobilizaziorik, politikoa, soziala, edo lan eskubideen aldekoa, tartean abaderen bat topatu gabe. Izan ere, 1936ko gerrak euskal gizartean eragindako porrotaren osteko biziberritzeak eliza eta apaiztegiak ere blaitu zituen.

Eta testuinguru horretan, nabarmentzekoa da «Gogor» izenarekin ezagutzen zen taldeak egin zuen itzala. Mende erdi bete da ordura arte abadeen koordinakunde gisa ezagutzen zenak «gogorkeriaren aurka, gogortasuna» erakutsi behar zela iritzita, izen hura hartu zuenetik, eta gaur oraindik asko dira mugimendu hark utzitako arrastoa gogoan dutenak. Berrogeita hamar urte bete dira, baita ere, ekintzarik esanguratsuenetakoa burutu zuenetik, Derioko apaiztegiaren okupazioa. Urteurren egokia da hori guztia oroitzeko, eta taldeko kide izan zen Josu Barandikaren atea jo dugu, amultsu hartuko gaituela jakitun eta jazotako guztia atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen duelako.

«Jendea, herria, berpizten hasi zen»

«Gernika suntsituta, Nafarroan ikaragarriak egin ostean… genozidio baten osteko egoeran bizi ginen herritarrak ginen», nabarmendu du, azalduz «gurasoengandik, herriko jendearengandik, gauzak entzuten» jabetu zirela horren guztiaren atzean zer zegoen. Baina, kolpatuta egonagatik, herria ez zegoen makurtzeko tenorez, «eta jendea berpizten hasi zen». «Ikurrinak ateratzen, ontzietan Iparraldera joaten...», gogora ekarri du. Une haren marrazkia guztiz osatzeko, Euskal Herriko industriaguneetara, Bizkaira batez ere, etorritako jende mordoa aipatu du, «Andaluziatik, Galiziatik..,», gaineratuz testuinguru horretan protestak eta mobilizazioak ugaltzen hasi zirela, «bai langileen aldetik, eta baita ere genozidioa pairatu zuen herriaren aldetik. Eta abade batzuk ere hasi ziren, gu baino zaharragoak, sermoietan diktaduraren aurka gauzak esaten».

Baldintzak, beraz, norbaitek esango lukeen bezala, ezarrita zeuden, eta zurrunbiloaren erdian, eurak, herritarrak zirenak, baina baita ere abadeak, horrek suposatzen zuenarekin. «Elizak indar ikaragarria zuen» eta, ezinbestean, «talka ikaragarria izan zen», azaldu du. «Gu apaiztegian hasi ginen jadanik eskubideez, etikaz, zerbait ikasten; tentela ez zara, gertatzen dena ikusten duzu: lantegietan, menperatutako jendea badagoela... orduan hasi ginen zerbait ezagutzen. Oso gutxi genekien kapitalismoaz, produkzioaren balioa nora joaten zen, baina horretaz ere zerbait jakiten hasi ginen. Nik uste dut 50-60 hamarkaden arteko momentu horietan hemen pizkunde ikaragarria izan zela, biziberritze bat sortu zen Euskal Herrian. Izugarria izan zen», esan dio orduan jaio gabea zen kazetariari, kontakizunean hamaika pasadizo sartzen dituen Barandikak.

Eta kontakizuna hasi da, pixkanaka, 68. urte horretara heltzen, munduaren historian ere hain sonatua izan dena. Baina, ordurako beste gauza potolo pila gertatuak ziren.

«1966an Etxebarriko Bandaseko greba izan zen, eta hilabeteak eman zituzten borrokan, oso gogorra izan zen», esan du bermeotarrak, gaineratuz, nola ez, gatazka horretan ere abadeak egon zirela laguntzen. «Dirua batzen, langileek egindako panfletoak inprimatzen… Orozkon –bertako Ibarra auzoko parrokoa zen bera–; multikopista bat erosi genuen, aldizkari bat argitaratzeko, eta makina horrekin ez dakit zenbat milaka panfleto atera genituen, bai Bandaseko grebarako eta baita ere gero hil zuten Txabi Etxebarrietaren aldeko mezetarako. Makina horrek makina panfleto atera zituen», esan digu. Greba amaitu aurretik manifestazioa egin zuten Bilboko Kale Nagusian: «Hor ere 60-70 abade egon ginen». Giroa, bor-bor.

Testuinguru horretan izan zen, baita ere, «Ley Organica del Estado» delakoaren gaineko erreferenduma, «oraindik haren ondorioak pairatzen ditugu», eta gotzainak haren kontra ez egiteko agindu zien beraiei. «Guk sermoietan eta panfletoetan nahi genuena esaten genuen, inoiz ez genuen esan zer boto eman behar zen, baina eskubideak zeintzuk ziren bai», gogorarazi du apaiz ohiak. Eta garai horretantxe gaitzetsi zituen Francok horrenbesteko buruko min ematen zioten «clérigo separatista» horiek, eta Antoniutti nuntzioak ere «traidores a Cristo» deitu zien. Aztoratuta zebilen Elizaren hierarkia abade euskaldun horiekin. Baina eurek ez zuten atzera egin, eta Bilboko Gotzaindegiaren bulegoak okupatu zituzten. Interlokuzioa ere izan zuten Gotzaindegiko pertsonaia ezagunekin. Baina alferrik. «Gotzainari obedientzia zor geniola eta politikarik ez egiteko esaten ziguten, eta guk erakutsi genien, edo saiatu ginen, beraiek zirela politika egiten zutenak, diktadura bat sostengatzen zutelako». Ez zegoen biderik hor. «Horren ostean, pentsatu genuen indar handiagoko zerbait egin behar genuela, eurek berdin jarraitzen zutelako, frankismoak eta Elizak». Eta 4. 4. 1000 operazioa abiatu zen. «Telefonoz komunikatzeko formula erraza eta borobila erabiltzea erabaki genuen , poliziak ez zezan igarri», azaldu digu Barandikak, umoretsu. Argi dago ondo atera zela.

Derioko okupazioak hiru bat aste iraun zuen, bertan hirurogei bat apaizek parte hartu zutelarik. Baina ekimen horren inguruan beste gauza asko egin zituzten. Bilerak egin zituzten eragileekin, Kataluniako herriaren eskubideen alde lanean zebilen Montserrateko abatarekin, adibidez; Artzain Oneko katedraleko ekimenean parte hartu zuten; prentsaurrekoa eman zuten Angelun –Piarres Xarriton eta Telesforo Monzon gertu zebiltzan– non nazioarteko hedabide pila bildu zen; eta Vatikanoko ateak ere jo zituzten. Kasu handirik ez zieten egin, baina «Askatasunaren Teologia delakoaren aurrekaria» izan zitekeen dokumentua aurkeztu zuten. «Herrikoia zen, fede batetik, baina herritik sortuta, eskubideetan oinarrituta, kapitalismoaren kontra», argitu digu.

Itxialdia bukatu zen, gure herriaren egoera ezagutarazteko helburua bete zutelakoan, eta iragarri bezala protagonistek jazarpena pairatu zuten. Batzuek erbesterako bidea hartu zuten, beste batzuk Zamorako kartzelan sartu zituzten, «matxinada militarra» leporatuta. Ekintza hark aje gogorra izan zuen.

Baina mende erdi igarota, Barandikaren hitzek gozotik gehiago dute gazitik baino. «Herri honen historia da. Beste garai batzuk dira eta askok ez dakite honetaz ezer, eta ezagutu behar da. Beste gauza askorekin batera, hau garrantzitsua izan zen gure herriaren izaerari eusteko. Herri gisa ezabatu nahi izan gaituzte, eta hori lortzen utzi ez geniela jakitea da ilusio handiena ematen didana. Gure herria aurrera doala ikustea». Amen.

 

Hitzordu berezia ekimen handi hura gogora ekartzeko

«Uztailean gure artean bazkari bat egin genuen, Zamorako kartzelan egondako jendeak, eta exilioan egon ginenok. Orduan komentatu genuen azaroan berrogeita hamar urte beteko zirela, eta, tira, ekitaldi bat edo zeozer egin beharko zela hura gogora ekartzeko». Esan eta egin. Duela hilabete, azaroaren 22an, apaizen mugimenduko zenbait kidek agerraldia egin zuten Kafe Antzokian. Dokumental baten aurkezpena ere izan zen egun horretan, Maluta Films zinemagintza taldeak egindakoa, eta bertan egon ziren, aurreko orrialdeko argazkian ikusten den bezala, Josu Naberan, Jose Antonio Zabala, Josu Barandika, Juan Mari Zulaika, Juan Mari Arregi, Alberto Gabikagogeaskoa, Martin Orbe, Xabier Amuriza eta Angel Zelaieta.

Argazkian, «Gogor» diskoaren aleak dituzte eskuetan, garai horretan eskuz esku eta etxerik etxe igaro zen lan historikoa. Historikoa izan zelako eurek egin zutena. Eurek, eta bidean geratu direnek. Errepresioa larrutik ordaindu zuten, eta beste milaka euskal herritarrek bezalaxe, kartzela –Zamorakoa beren-beregi eurentzat prestatu zuten– eta erbestea ezagutu zuten. Baina mende erdi beranduago, hor daude, xume, xalo, adeitsu, eta betiere, gogorkeriaren aurka herri honen gogortasuna agertzeko prest.I.B.