INFO

Urtarrilaren 12an bakearen eta elkarbizitzaren alde egitera deitu dute Arabatik

Araba mailan arlo ezberdinetan diharduten hainbat lagunek datorren urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Era berean, eta presoen aferari irtenbide bat emate aldera, ezberdinen arteko batasuna aldarrikatu dute.

Araba mailako aurpegi ezagunek eman dute prentsaurrekoa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Milaka izango dira datorren urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan euskal presoen aferari irtenbide bat ematea aldarrikatuko duten lagunak. Orain presoen aldia dela oihukatuko dute, «bake justu eta iraunkorra» erdieste aldera.

Hala aurreratu dute larunbat eguerdi honetan Gasteizen, Araba mailan alor ezberdinetan diharduten hainbat lagun ezagunek egin duten agerraldian. «Bide orria» eskatuko zaie urtarrilaren 12an espainiar eta frantziar estatuei, «bakearen bidea alde guztien eginkizuna» delakoan.

Eginkizun horretan «giltza nagusia» estatuen esku dagoela aitortu duten arren, gizarte zibilak ere zeresanik baduela aldarrikatu dute. Zentzu horretan, presoen alde «urratsak» egitearen garrantzia azpimarratu dute: «Prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartu gara».

«Salbuespen neurriak kendu behar dira gaurko egoera politiko berriak hala eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako. Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua», nabarmendu dute.

Orain arte alde bakarreko urratsak baino ez direla egin adierazi dute, bidea hortik doala gaineratuz. Horri esker, elkarbizitza demokratikoa posible dela nabarmendu dute. «Ekinbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guztientzat ona izango den bakea eraikiko dugu», aldarrikatu dute.