INFO
Elkarrizketa
Urtzi Errazkin
Etxerat elkarteko bozeramailea

«Urte gorabeheratsua izan da; sortutako aurreikuspen baikorrak ez dira bete»

Hutsuneak mingarriago egiten diren egunak dira. Etxeraten, lana, lana eta datorren urtean lanean segitu beharko duten ziurtasuna dira Gabonetako menua.


Hiru telefono daramatza gainean. Batetik ez bada bestetik, mezuak eta deiak etengabeak dira. Bisitak, kezkak, zalantzak, izapide aldrebesak... Etxerat elkartean eskaintzen duten laguntzak askotariko aurpegiak ditu. Bukatzera doan urtea ez da ona izan; espero zenaren eta benetan izan denaren artean zuloa izan da, zulo iluna. Hortik behera abaildu da hainbaten itxaropena. Etxeraten garbi duten aurreikuspen bakarra 2019 lanean segitzeko urtea izango dela da.

Nola izaten da urte bukaera Etxeraten bueltan?

Urte bukaera beti izaten da mugitua eta berezia. Gabonen bueltan sentimenduak puri-purian egoten dira. Aldaketarik ez dugu ikusten, urtarrileko manifestazioa gainean daukagu, prestaketa lanetan gabiltza... Egun gogorrak izaten dira.

Bisiten eta bestelako izapideen kudeaketa ez ezik, emozioena ere hor dago.

Bai. Gure laguntza ez da bakarrik bisitetan laguntzea edo arazoren bat dagoenean konpontzen saiatzea. Gure laguntzaren parte handi bat izaten da entzutea, enpatizatzea. Etxeraten lagunen eta senideen familia handi bat gara eta gure artean laguntzen ez bagara...

2018. urtea nolakoa izan da?

Oso gorabeheratsua izan dela esango nuke. Hainbat albiste baikor entzun izan ditugu, urtarriletatik bertatik hasita. Urtarrilean esan zuen Gobernu frantsesak espetxe politika aldatuko zuela eta hurbilketekin hasiko zela. Egia da aurten 26 hurbilketa gauzatu direla eta 22 DPS estatus –Frantzian aplikatzen den bereziki zainduriko presoen estatusa– kendu dituztela. Gradu aldaketa horrek presoaren baldintzak hobetu egiten ditu. Baina urte bukaerara iritsi gara eta berriz egoera blokeatuta dago. Ez gara iritsi urte hasieran jarritako aurreikuspenetara.

Gobernu espainolari dagokionez, antzeko zerbait gertatu da. Uztailean gobernu aldaketa gertatu zen eta Pedro Sanchezek adierazpen gozoak egin zituen gure belarrientzat. Baina esan zuenetik ez da ezer betetzen ari. Horregatik, urte gorabeheratsua izan da eta, tamalez, aurreikuspen baikor horiek ez dira bete. Horrek birbiktimizatu egiten zaitu. Itxaropena sortzen da eta, gero, hutsean geratzen da.

Egia da, era berean, Euskal Herri mailan hainbat aldaketa baikor ikusi ditugula eta horiei balioa eman behar zaiela. Sindikatuen eta alderdi politikoen artean gero eta babes handiagoa dauka euskal presoen auziak. Garbi ikusten dugu gizarteak zeresan handia daukala horretan. Guk beti izan dugu konfiantza euskal gizartearengan eta euskal gizarteak garbi ikusi du benetako konponbide bat nahi badugu eta elkarbizitza aurrera eraman nahi badugu, presoen gaiari ere heldu egin behar zaiola.

Asko aipatzen dira gradu aldaketak. Zer dakarte?

Nik bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, presoari espetxe barruko bizitzan zertan eragiten dion. Lehen graduan zaudenean, egunean 20-21 ordu zure ziega barruan bakarrik ematen dituzu. Bi eta lau ordu tartean atera zaitezke patiora, baina jende gutxirekin egon zaitezke. Eta ez duzu aukerarik espetxe barruko ekintza desberdinetan parte hartzeko. Bigarren gradura pasaz gero, beste kideekin denbora gehiago pasatu dezakezu eta, gainera, espetxe barruko ekintzetan parte hartu dezakezu. Kontrola ere malgutu egiten da eta presioa asko jaisten da. Psikologikoki sekulako aldea dakar lehen gradutik bigarrenera pasatzeak.

Bigarrenik, espetxe politikaren baitan lehen gradua egoera berezia da eta arriskutsuak diren presoei bakarrik aplika dakieke; arriskutsuak bere buruarentzat, beste presoentzat edota espetxearentzat. Sailkapen hori ez da ematen kanpoan egin duen delituaren arabera, espetxe barruko egoeraren arabera baizik. Denok dakigu euskal preso politikoak arazo gutxien ematen dituztenak direla. Hori, gainera, objektiboki neurtu daitekeen zerbait da. Hala ere, gure senideei sistematikoki lehen gradua aplikatzen zaie.

Bigarren graduan zaudenean, espetxe onurak egon daitezke; kalera ateratzeko baimenak, birgizarteratzeari begirako pausoak, espetxealdia gutxitzeko aukerak... Lehen graduak, baina, bide horiek denak itxi egiten dizkizu. Lehen graduak ez dizu uzten legeak aurreikusten duen ibilbide hori egiten. Ondorioz, zure zigorra luzatu egiten da eta, gainera, baldintza oso gogorretan ematen da.

Batzuen arabera, euskal presoek orain artean ez dute eskatu gradu aldaketa.

Hori ez da egia. Tranpa da. Presoak ez du eskatzen gradu aldaketa. Hori espetxeak berak erabakitzen du; hiru edo sei hilabetero berrikusten duen egoera bat da eta Espetxe Zaintzak erabakitzen du gradu aldaketa eman edo ez. Gero, presoak errekurtso bat jar dakioke erabaki horri, baina ez da presoak erabakitzen duen zerbait. Hori ere erabili izan da tranpa modura.

Datua oso esanguratsua da: Espainian presoen %5 baino gutxiago daude lehen graduan. Euskal preso politikoen kasuan, %94.

Diskurtsoak aldatu dira, baina errealitatea, gutxixeago.

Bai, horrela da. Pedro Sanchez sartu zenetik hainbat gauza aldatu dira diskurtsiboki, baina gure eguneroko lanean, zoritxarrez, giza eskubideen urraketak salatzen jarraitu behar dugu. Horiek ez dira batere aldatu; motxiladun umeak, adineko senideak, gaixotasun larriak dituzten presoak... Kontua ez da ez dituztela askatzen, baizik eta ez dituztela gerturatu ere egiten. Eta esan zuten gerturatzen lehenak beraiek izango zirela. Hori ere ez dute bete.

Kostatu egiten zait berdin gaudela esatea, guretzako pasatzen den egun bakoitzean egoera okertu egiten delako; ekonomikoki, fisikoki, psikologikoki... galerak gero eta handiagoak dira. Dispertsioko egun bakoitzeko egoera okertu egiten da, bai presoarentzat eta baita senide eta lagunentzat ere. Astero daude bidaiak, arriskuak hartu behar ditugu, istripuak daude –aurten, sei istripu–... Etengabeko sufrimendu jarioa da. Gaur egun, Euskal Herrian dispertsioaren 4.000 biktima potentzial daude oraindik.

Azken asteotan Estatu espainolean izan diren mugimenduak nola ikusten dituzue?

Guk lekualdaketak direla esaten dugu, ez hurbilketak. Gainera, kasu honetan ministroak berak horrelaxe aipatu zituen, ohiko lekualdatzeak zirela esan zuen. Esaten da familia bizitzaren alde eta presoa birgizarteratzearen alde egiten direla. Orduan, ezin dugu ulertu zergatik mantentzen dituzten 200-300 kilometrora, Zaballako espetxean lekua dagoenean. Presoak Zaballara aldatzeko eskatu du eta bere eskubidea da egon nahi duen espetxea aukeratzea, beste edozein presok bezala. Gure senideei eskubide hori ukatu egiten zaie.

Espainiako erregearen suhiak espetxea aukeratu ahal izan duen bezala.

Adibidez. Hain ohituta gaude gure kasuak ikusten, preso batek espetxea aukeratu duela entzuten dugunean pribilegiatua dela pentsatzen dugula. Ez, bera ez da pribilegiatua, eskubide batzuk ditu eta bermatu egiten zaizkio. Gertatzen dena da gure senideen eskubideak zapalduak izaten direla etengabe; eskatzen dugun bakarra da eskubide horiek errespetatzea eta betearaztea. Eskubideak denenak dira eta ez daude kontrapartidetara lotuta. Ezin dira baldintzak eskatu eskubide bat onartua izatea. Eskubideak bere horretan onartu behar dira.

262

Uneotan 262 preso politiko daude: 4, Euskal Herrian; 211, Estatu espainoleko 40 espetxetan; eta 46 preso, Estatu frantseseko 11 espetxetan. Beste preso politiko bat Portugalen dago. Horrez gain, larri gaixo dauden bi preso espetxealdi arinduan daude eta beste bat epailearen kontrolpean. Hiru horiek aintzat hartuta, 265 preso politiko daude egun.