INFO
Elkarrizketa
AIALA ORONOZ MITXELENA
«A PICO Y PALA: TRABAJOS FORZOSOS EN GIPUZKOA» LIBURUAREN EGILEA

«Preso horiek iraganean bizi arren, badute lotura gurekin»

Filosofian eta Musikaren Historia eta Zientzietan lizentziatua da Aiala Oronoz Mitxelena (Hondarribia, 1977), baita kultur kudeatzailea ere. 1942 eta 1944 artean, diktadura frankistaren berrehun presok baino gehiagok lan egin zuten Irunen, Olaberria erreka bideratzen. Bertako eta Gipuzkoako beste zigor-destakamentuen berri jaso du Oronozek, presoak omentzeko eta ikerketa ildo berriak irekitzeko asmoz.


Jatorriz hondarribiarra izan arren, erdi irundarra da Aiala Oronoz Mitxelena. Ama irundarra du eta aitona-amonak zigor-destakamentuko presoek egin zuten Olaberriako kanal inguru horretan bizi ziren. «Erronka pertsonal» bezala hartu du orain arte gehiegi jorratu ez diren bortxazko lan horiei buruz ikertzea eta batez ere presoen izen-abizenak eta historiak biltzea. 207 izen lortu ditu.

Nicolas Guerendiain Elkartearen babesean argitaratu du “A pico y pala: trabajos forzosos en Gipuzkoa. Destacamento penal de Irun (1942-1944)” lana, Aldundiaren eta Lakuaren laguntzaz.

1938an “Patronato central para la redención de penas por el trabajo” instituzioa sortu zen, bereziki bortxazko lanak kudeatzeko. Patronatu horrek memoria batzuk betetzen zituen urtero eta taula batzuetan zein destakamentu sortu ziren eta zenbat langile egon ziren agertzen da. Baina ez daude datu guztiak; destakamentu eta preso gehiago daude, eta hori ezagutarazi nahi du Oronozek.

Nahiz eta argitalpenaren zati handi bat Irungo zigor-destakamentuaz izan, Gipuzkoako datuak ere ematen ditu. Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresa pribatuak kudeatu zituen bertako destakamentu guztiak, Eibarkoa izan ezik. Hemen, gerraosteko hondamenak konpontzen ibili ziren, “Dirección de Regiones Devastadas” erakundeak zuzenduta.

«Irunen egon ziren 207 presoren izenak lortu ditut, eta bakoitzari buruz jakin dudana jarri dut: adina, jatorria, lanbidea, historia… Espetxeetako espedienteak izan ditut informazio iturri. Ondarretako kartzelako espedienteak Oñatiko artxiboan daude gordeta eta horiek kontsultatuz hasi nintzen ikertzen. Baina bertan ehun izen soilik lortu nituen».

Zigor-destakamentuetan gutunak trukatzen zituzten Ondarretako kartzelarekin. Eskuz idazten zituzten agiriok, adibidez preso batzuk libre utzi zituztela jakinaraziz. Agiri horietatik ere eskuratu ditu izenak ikertzaileak. Presoei buruzko fitxak Alcala de Henareseko artxibo batean daude. “Archivo general de la Administración” izena du. Espetxeratzen zuten pertsona bakoitzari fitxa bat irekitzen zioten eta horien kopiak kontsultatu ditu.

Irungo udal erroldan 86 presoren izenak agertzen dira. «1943. urteko errolda liburu zabal batzuek osatzen dute. DIN A4 tamainako orrialdeetan, blokeka ageri da informazioa: izena, bizilekua, seme-alabarik baduten, zein lanbide duten, zenbat diru irabazten duten… Presoen kasuan, helbidearen lekuan ‘Udal hiltegi zaharra’ jartzen du, gero izen-abizenak, jatorria, eta lanbidearen tokian, ‘zigortua’».

Baina, Oronozek dioenez, erroldak ez du errealitate guztia erakusten. Izen batzuek bat egiten zuten Oñatin aurkitu zituenekin, besteek ez, ordea. «Zer egin zenuen orduan?». «Ikertu, arakatu, asko pentsatu… Garaiko dokumentu guztiak ezin dira kontsultatu. Preso asko Irungo destakamentutik Madrilgoetara eraman zituzten. Preso bakoitza kartzelaz aldatzen zuten aldiro bere espedientea berarekin joaten zen. Orduan, Alcala de Henareseko artxiboan begiratu dut zein den bakoitza egon zen azken espetxea eta gero kontaktuan jarri naiz espetxe horrekin. Lan hori egitea izenez izen berria da, baina niretzat garrantzitsua zen preso egon ziren pertsona horiek omendu nahi nituelako», azpimarratu du.

Estatu osotik ekarri zituzten

Espainiar Estatuko 34 probintziatako lagunak egon ziren Irungo zigor-destakamentuan, gehienak Jaen, Extremadura eta Asturiasekoak. Presoen %15 inguru soilik ziren gipuzkoarrak. Eta ez zegoen irundarrik.

Gerraostean Errepublikaren alde borrokatu ziren pertsona guztiek filtro batetik igaro behar izan zuten Estatura itzuli nahi bazuten, eta filtro horrek, sarri, espetxeratzea zekarren.

Langileen batailoiak eta zigor-destakamentuak gauza ezberdinak dira. «Batailoiak arlo militarrekoak dira. Langileak preso zeuden, baina ez espetxean. Ez zieten epaiketarik edo gerra kontseilurik egin; hortaz, ez zeukaten kondenarik. Destakamentuak, aldiz, presondegi arlokoak dira eta bertako presoak kondenatuak dira. Dena den, bortxazko lanak destakamentu penaletan egin ziren kondenatutako presoekin eta baita kondenatu gabekoekin ere».

Eranskinetan, ikerketan aurkitu dituen beste izenak gehitu ditu, orokorrean Gipuzkoan egon ziren presoenak. Baina ez ditu izen guztiak bildu. «Lan ikaragarria da. Oñatin 7.000 espediente baino gehiago daude kaxetan. Liburua omenaldi bat da alde batetik, eta abiapuntu bat bestetik, bide asko irekitzen dituelako. Espedienteen %10 ezin izan ditut kontsultatu, Madril inguruko destakamentuetan bukatu zutelako. Espediente horiek Barne Ministerioaren Artxibo Orokorrean daude jasota eta preso bakoitzaren heriotza agiria eskatzen zidaten kontsultatu ahal izateko».

Gero, Irunen bizia eraiki

Irungo zigor-destakamentuan egon ziren bi preso hirian bizitzen gelditu ziren gero. «Baten semearekin eta bestearen alabarekin hitz egin dut. Lehena Kanaria uharteetakoa zen, bigarrena Asturiasekoa. Irunera preso iritsi eta azkenean bertan sortu zuten familia». Euren testigantza agertzen da liburuan. Irungo jendearena ere bai. Askok ez daki destakamentu bat egon zela edo Dunboako ubidea (Olaberria errekarena) presoek egin zutela. Badira, ordea, badakitenak. Han inguruan bizi zirenen familietan badakite presoak aritu zirela lanean.

«Ohartu behar gara preso horiek kalean egiten zutela lan. ‘Aske’ zeuden, baina ez zuten eskapo egiten, errepresioa izugarria baitzen. Eibarreko destakamentutik ihes egiten saiatu zirenekoa jaso dut. Lau preso ziren eta Bidasoa ibaia pasatzerakoan hil egin zituzten. Irunen ez dut inongo ihesaldiren dokumentaziorik aurkitu».

Ikerlariarentzat garrantzitsua izan da presoen ibilbidea osatzea. Batzuei buruz ez du deus handirik jakiterik izan. Besteei buruz gehiago. «Ez daukat euren testigantza, baina beraien adina, lanbidea, ekintza politikoa… jakiteak hurbiltasuna eta goxotasuna ematen du. Humanizatu egiten du. Zerbait emozionala sortzen zaizu, enpatia. Ez da bakarrik iraganari buruzko gauza bat, ez da bakarrik historia. Gehienek badugu norbait familian edo inguruan errepresaliatua. Nahiz eta pertsona horiek iraganean bizi eta beste probintzia batzuetakoak izan, azkenean badute gurekin zerikusirik, gure familiartekoak ere eurek bezala egon zirelako etxetik urruti».

«Umeak zuek bezala ditut»

Presoen bizimoduaren gaineko dokumentaziorik ez du lortu. Badaki, irundarren testigantzen bidez, udal hiltegi zaharrean egiten zutela lo. «Herritar batek kontatu zidan gaztetxo zelarik presoak ikusten zituela lanera joaten eta ‘denbora librean’ baratzeetatik lapurtzen». Honekin lotutako aipu batekin ireki du liburua. “Esclavos del Franquismo en el Pirineo: carretera Igal-Vidángoz-Roncal” langile batailoiei buruzko lanetik hartu du (Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont, Txalaparta). Oiartzun aldean preso egon zen Felix Padinena da: «Ahal genuen guztia lapurtzera ateratzen ginen. Etxekoandre batek ikusi gintuen eta galdetu nion: ‘Ez zara kexu?’. Hala erantzun zidan: ‘Nola kexatuko naiz, umeak zuek bezala ditut-eta! Espero dut beraiek ere lapurtu ahal izatea norbaiten baratzetik eta jendeak ulertzea’». Aiala Oronoz hunkitu egiten da.

Argitalpena ez da historialarientzat bakarrik. «Edozeinek irakurtzeko moduan idazten saiatu naiz. Nire helburua jendeak pertsona hauen historiarekin enpatizatzea eta hurbiletik sentitzea da». Irungo Atsegina Elkartean aurkeztu zuen liburua joan den astean eta bertan izan ziren testigantza eman dioten bi presoren seme-alabak. «Niretzat inportantea zen, senideengan pentsatzen ere egin dudalako lana».

Sentsazio onarekin gelditu da, erronka pertsonala bete duelako. «Esfortzu handia egin dut eta horrek bete nau». Orain, ikertzen jarraitzeko gogoa du. «Lana egin bitartean gauza interesgarriak ikusi ditut dokumentuetan eta apuntatu egin ditut noizbait zerbait egiteko».