INFO

Garaipen garrantzitsuak Bengoetxea VI-Imaz eta Artola Mariezkurrenarentzat

Labriten beste erakustaldi bat eman du Oinatzek, inspiraziorik gabe dabilen txapeldunaren aurka (13-22) eta Beotibarren Ezkurdiaren lan ona saririk gabe geratu da (16-22).

Iñaki Artola pilota astintzen (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Binakakoa bere lehen erdia osatzen ari den jardunaldi honetan, garaipen oso garrantzitsuak lortu dituzte Bengoetxea VI.a-Imaz eta Artola-Mariezkurrena Asegarceko bikoteek.

Labriten oso argi geratu da buruz burko azken bi txapeldunak oso sasoi puntu desberdinean daudela eta Oinatz Bengoetxeak egindako ahalegin ia bakoitza tanto izan den bitartean, Jokin Altunak zuloak aurkitu ezinda jarraitzen du.

Bi atzelarietako inor nabarmen nagusitu ez den partida batean, aurrelarien arteko deman egon da gakoa eta hor Leitzakoa nabarmen izan da gainetik. Gauzak horrela, oso hasieratik hartu dute aurre Asegarcekoek eta bizirik jarraitzen dutela aldarrikatzeko puntu garrantzitsua eskuratu dute.

Tolosako Beotibarren, Artola eta Mariezkurrenak garaipen garrantzitsua lortu dute bi puntutara utzi dituzten Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka 16-22 irabazi ostean. Aurreko astean Urrutikoetxea-Aretxabaletaren aurka gertatu zitzaion bezala, Joseba Ezkurdiaren lan bikaina ez da nahikoa izan garaipena ekuratzeko.

Bi aurrelariak nahiko ondo aritu dira, bakoitza berean, baina zuloa atzean egon da, Mariezkurrena seguru ibili den bitartean, Ladis Galarza bigun xamar aritu baita, bereziki sakeak errestatzerako orduan. Hiru jarraian galdu dituzte partidaren erdian Aspekoek eta hortxe hartu dute aldea Asegarcekoek, azkenera arte mantentzeko gai izan baitira.

Dena dela, izan da polemikarako tarterik, partida 16-18 zela, epaileek Ezkurdiari bigarren botean eramandako pilota batean. Arbizukoa oso haserre agertu da erabakiarekin eta momentua ere erabakigarria izan da, gorriek tanto bakarrera gerturatzeko aukera izan zezaketelako.