21. edizioaren ibilbidearen xehetasunak aurkeztu ditu Korrikak
Apirilaren 4an hasiko da Korrika Garesen eta 14an amaitu Gasteizen. Bidean, Euskal Herriko herri eta hiriak gurutzatuko ditu. Lehen hiriburua Iruñea izanen da, hilaren 6an, larunbatarekin. Igandean Ipar Euskal Herria gurutzatuko du. Apirilaren 11an egonen da Bilbon, 12an Donostian eta arabar hiriburuan jarriko zaio amaiera.
Gero eta gertuago dago Korrikaren 21. edizioa eta antolatzaileek gaur eman dituzte jakitera ibilbidearen xehetasunak. Jakina zen apirilaren 4an Garesetik abiatuko zela eta 14an Gasteizen egingo zituela azken kilometroak.
Apirilaren 4an, 17:00etan, hasiko da Garesen. Hortik Nafarroako hegoaldera egingo du, Tuterara ostiraleko 06:28ean helduz. Ekialdera eginez, gauean Zangoza, Irunberria eta Pirinio inguruak bisitatuko ditu, Iruñerrira jaitsi aurretik. Nafar hiriburuan apirilaren 6an, larunbatean, egingo du itzulia arratsalde guztian zehar.
Igandean, Luzaidetik, Ipar Euskal Herrira egingo du salto eta goizaldean gurutzatuko ditu Donibane-Garazi eta Maule, Baionara 18:00ak aldera iristeko.
Gipuzkoa eta nafar ipar-mendebaldea izanen dira asteleheneko protagonistak, astearteko lehen orduetan Arabara iristeko. Asteazkenean eta ostegunean, berriz, Bizkaian izanen da lekukoa, Bilbon apirilaren 10ean, 10:45 inguruan, iritsi asmoz. Bertatik Gipuzkoa aldera itzuliko da, Donostiara apirilaren 12an, ostirala, 16:28an iristeko.
Azkenaurreko egunean, Beasain, Eibar edo Durango bezalako herriak gainditu ostean, apirilaren 14an iritsiko da Korrika Gasteiza, 12:30ean azken metroak egiteko.
Era berean, kilometroen lekukoa eramateko aukera urtarrilaren 14an irekiko da. Kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko herrialde bakoitzean kontaktu ezberdinak eskegi dituzte webgunean. «Laster bidera aterako gara, mundura aterako gara, herriz herri igaroko gara. Martxan jartzen hasteko eginzazu Klika, pausuz pausu, gure erritmora!».