INFO

Txoria dute maite... Baiona eta Bilbo bat eginda

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsuak izan ziren larunbatean Baionan eta Bilbon. Aldarri bera eta amaiera bera, bi hitzorduak Mikel Laboaren 'Txoria txori’ kantatzen amaitu zuten eta. Manifestaldietako une hunkigarriena izan zen eta sare sozialetan aurkitu dugu memento horien erreferentzia.

76.000 pertsona zenbatu zituen GARAk Bilboko manifestazioan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Euskal presoen eskubideen alde 86.000 lagun inguruk hartu zituzten larunbatean Baiona eta Bilboko kaleak. Zehazki, 9.000 herritar bildu ziren Baionako karriketan eta 76.000 inguru, Bizkaiko hiriburuan.

Aldarri bera izan zuten bi manifestazioek eta «sufrimenduarekin amaitu eta elkarbizitzarako espazioak» aldarrikatuko zituzten Bilbon zein Baionan.

Asmo berdinarekin abiatu zuten ibilbidea bi martxek eta abesti berdinarekin itxi zuten mobilizazioa, izan ere, bildutako jendetzak Mikel Laboaren 'Txoria txori kantatzen amaitu zuen bai Baionan, eta baita Bilbon ere.

Bi manifestaldietako une hunkigarriena izan zen hori eta asko eta askok mementoa betikotu nahian hura filmatu eta partekatu dute sare sozialetan.

 

Bilbon Ines Osinaga (Gose), Onintza Rojas (Koban) eta Josune Arakistain (Huntza) trikitilariak izan ziren Udaletxeko eskaileretan "Txoria Txori" abestia joz.

Baionan ostera, Amaia Riouspeyrouse, Patxi Amulet eta Xabi Etxeberri izan ziren oholtza gainean.

Manifestazioa abiatu aurretik, horrela iragartzen zuen Sarek zein izango ziren Bilbon arituko ziren trikitilariak.