Ehun urte eta gero Euskaltzaindiak euskara ehuntzen jarraitzen du Iruñeko Baluarten
Hizkuntza gutxiagoatuak mintzagai ditu Euskaltzaindiak gaur eta bihar Iruñean, mendeurrena ospatzeko ekitaldien barnean. 23. Jagon jardunaldiak dira zehazki egun hauetan egiten ari direnak.
Gaur goizean egin dituzten mintzaldien artean Mondragon Unibertsitateko Jon Sarasua irakaslearena izan da, munduko gutxiagotutako hiztun komunitateek duten bilakaeraz aritu delarik. Ikuspegi ezkorra adierazi du gai honetaz Sarasuak. Izan ere, munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik bi heren mende honetan desagertuko direla diote adituek, hauen artean Unesco dagoelarik. «Egoeari titular bat jartzekotan, galbidea izango litzateke», laburbildu du. Hizkuntzen arteko banaketa ere ez da homogeneoa. Hamabi nagusiek hiztun kopurua ia osorik bereganatzen dute. Fokua zabalduz, 200 nagusienek munduko hiztunen %96 biltzen dute. Gelditzen den %4 eskas horren bizkarren gainean gelditzen dira munduan hitz egiten diren hizkuntzen %96aren etorkizuna.
Munduan dagoen hizkuntz-aniztasuna isolamendu erlatiboa batean garatu dela nabarmendu du Sarasuak. Orain, ordea, konexiorantz goazela adierazi du eta horrek aldaketak eragiten ditu.
Aimara, kitxua, nahuatl eta amazigh bezalako hizkuntzen komunitateen egoera ere aztertu du, hauen artean gainbehera ere nagusi dela konfirmatzeko. Paradoxikoki, azken 25 urteotan legedi aldetik babesa lortu dute hizkuntza hauek, baina transmisioaren eten larri bat eman da aldi berean. Komunitate hauetako kideak telefonoa adimentsuak eta telebistak dituzte eta unibertsitateetara heldu dira ere. Mundu garaikidean kokatu nahi dute euren burua baina hizkuntzak ez daude horretarako prest.
Funtzioen berreskurapena beharrezkotzat jo du eta bide horretan pausuak ematen ari direla gaineratu du Sarasuak. «Herri bakoitzaren artisautzatik» egin behar dela lan hori gaineratu dute. Alarman gaudela mezuarekin batera, itxaropena ere badela nabarmendu du Sarasuak. Kabiliian egiten ari diren lana aipatu du, Kafe Antzokia bultzatzen, telebista osatzen, Internet garatzen... eta ahots-korpusari alfabetoaren gainetik lehentasuna ematen.
Honekin batera, lan honi heltzeko komunitatatearen ardura beharrezkoa dela nabarmendu du.
Euskarak bide hau egin zuen bere garaian (oraindik egiten ari da) eta «munduko hizkuntzen plazan euskararen txosna ezagutzen da». Ez du gustoko euskara hizkuntza hauentzako «eredu» izatearekin baina kooperazioaren alde egin du, herri bakoitzak berea egin behar badu ere. «Gurean Aizkorrin ginela uste genuen, baina Urbiako laino artean gelditu gara», bota du, estrategia berria berpentsatu behar dela azpimarratzeko. Helburua, euskarak (edo gutxiagotuko hizkuntzek) mundu garaikidean funtzioak betetzea lortzea da.