INFO

Kupidarik ez dute izan Irribarria-Zabaletak (6-22)

Oinatz Bengoetxeak ez du jokoan sartzeko inolako aukerarik izan Aspeko bikotearen joaren aurka.

Nahi baino gutxiago sartu da jokoan Oinatz Bengoetxea. (FOKU)

Txapelketako seigarren puntua erraz eskuratu dute Irribarria-Zabaletak Bengoetxea VI.a-Imazen gainetik pasa ostean. Pronostikoetan oso faborito irten dira Aspekoak, dirua harrika irten da urdinen alde, eta are errazago nagusitu dira kantxan bi jotzaileak.

Bengoetxeak txokoan egindako tanto on bati eta Zabaletak egindako huts bati esker 2-0 aurreratu dira Baikoko pilotariak, baina irudipen bat baino ez da izan. Zabaletak hasierako zalantzak ahaztu eta partidan sartu denean, epelak eman dizkio bi eskuekin, partida goitik behera dominatu du etxarrendarrak eta berehala ihes egin dute markagailuan faboritoek.

Oinatz Bengoetxea partidatik at izatea zen Irribarria-Zabaletaren asmoa eta leitzarrak ez du jokoan sartzeko inolako aukerarik. Saiatu da nafarra, baina aurkariek ideiak oso argi izateaz harago, kolpez ere oso fresko aritu dira eta kolore bakarreko partida izan da Astelenako estelarra.