INFO

Bengoetxea eta Imazek ez dute amore ematen Binakakoan

Laugarren puntua batu dute Labriten Olaizola II-Albisuri 14-22 irabazita eta Artola-Mariezkurrenari presioa sartzen jarraituko dute, nahiz eta horiek jada sei puntu dituzten Markinan Laso eta Aretxabaleta 22-11 menderatu ostean.


Binakako Txapelketa jardunaldi honetan guztiz erabakita geratzeko arriskua handia zen, baina Bengoetxea VI.ak eta Imazek argi erakutsi dute ez daudela amore emateko prest. Olaizola II.a eta Albisu faborito argiak ziren arren, Oinatzek eta Anderrek sekulako partida jokatu dute Labriten, 14-22 irabazi eta laugarren puntua eskuratuz aurretik dituzten bikoteei presioa sartzen jarraitzeko.

Hori bai, partidaren hasiera ikusita bazirudien azken asteetako gidoia goitik behera errepikatuko zela. Jon Ander Albisu erabat nagusitu da atzean lehen tantoetan, Imaz ezinean ibili da eta Aimar Olaizola tantoak nahi bezala amaitzen. Gorriak 7-2 aurreratu dira eta lehen txanpa horretan Aimarrek lau tanto eder sinatu ditu.

Baina hortik aurrera, eta zale gehienen ezusterako, urdinen aurpegia erabat aldatu da. Ander Imazek askoz gehiago gozatu du, gorriei defentsan aritzea tokatu zaie une askotan, eta Oinatz Bengoetxeak beste behin sekulako tantoak egin ditu aurrean. Sei tanto segidan eginez 7-8 aurreratu dira markagailuan.

Partida arraroa izan da Olaizola eta Albisurentzat. Tanto oso onak jokatu dituzte tarteka, batez ere defentsan ikusgarri aritu dira, bai Albisu bolearekin airez eta baita Aimar zabalean ere, baina era berean huts nabarmenak ere egin dituzte. Akats horiei esker urdinek abantaila ederra hartu dute bigarren erdian, eta azkenean garaipena argia izan da (14-22).

Poza erabatekoa izateko, ordea, Oinatz eta Anderri Artola eta Mariezkurrenak Markinan galtzea komeni zitzaien, eta hori ez da gertatu. Aurrelari gipuzkoarra eta atzelari nafarra faborito argiak ziren, eta ez dute hutsik egin Laso eta Aretxabaletaren aurka, 11-22 irabazi eta seigarren puntua batuz –bi garaipeneko aldeari eusten diote sailkapenean–.

Partida eskasa izan da Markinakoa, batez ere Unai Lasok pilota gehiegi galdu dituelako. Urrutikoetxearen ordez sartu duten aurrelari gazteak ez du bere aukera baliatu, eta guztira bederatzi pilota galdu ditu. Aretxabaleta ere ez dago bere onenean, eta ezin izan dute ezer egin gaur ere bikain aritu den Jon Mariezkurrenaren aurrean. Atzelariak ezarri du erritmoa eta Iñaki Artolak nahikoa izan du serio jokatzea haren agintea baliatzeko.