INFO

Onartezintzat jo du Sortuk gaixotasun larriak dituzten presoak «hiltzeko baino ez askatzea»

«Onartezina da gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak hiltzeko baino ez askatzea», salatu du Sortuk Oier Gomezen heriotzaren aurrean, exijituz era berean larriki gaixorik dauden preso guztiei kartzelaldi arindua ezartzea.


Sortuk uste du Oier Gomezen heriotzak dimentsio bikoitz bat utzi duela agerian: «Batetik, Oier Gomezen eskuzabaltasuna eta, bestetik, gaixorik larri dauden presoen errealitate krudela».

Alderdi independentistak nabarmendu du preso ohi gasteiztarrak gazte-gaztetatik erakutsi zuela bere herriarenganako konpromisoa. «Haren ekarpenak arrasto sakona utzi du bere ingurunean».

Era berean, larriki gaixorik dauden presoen errealitate «gordina» nabarmendu nahi izan du. Izan ere, 2012an diagnostikatu zioten lehenengoz Hodgkin linfoma gasteiztarrari, harik eta 27an metastasia aurkitu zioten arte.

«Herri mobilizazioari esker bertan behera utzi zioten zigorra eta aske utzi zuten», azpimarratu du Sortuk, gaineratuz Juan Mari Maiezkurrenaren kasuan bezala «hiltzen uzteko baino» ez zutela aske utzi. «Hori onartezina da. Onartezina da gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak hiltzeko baino ez askatzea».

Adierazi du Sortuk presoek «duintasunez» bizitzeko eskubidea izan beharko luketela, «eta gaixorik direnek haien gaitza duintasunez tratatzeko eskubidea izan beharko lukete».

Hori horrela, gaixotasun larri eta sendaezina duten preso guztiei kartzelaldi arindua ezartzea exijitu du Sortuk. «Espetxea ez da lekua gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten pertsonentzat, ingurune horrek gaitza detektatzea eta sendatzea zaildu ez ezik gaixotasuna bera nabarmen areagotzen baitu kartzelan diren bizi-baldintzengatik».

Zentzu horretan, gatazkaren konponbide integralean inplikatzeko deia egin die espainiar eta frantziar gobernuei.