Espetxe eskumena lehentasuna dela nabarmendu dute EAJk eta EH Bilduk Zaballa bisitatu ostean
Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeko kideek ArabakoZaballa espetxera egin duten bisitaren karietara, kartzelen kudeaketaren eskumena transferitzea premiazkoa dela azpimarratu dute EAJ eta EH Bilduko ordezkariek.
Parlamentuan dauden alderdi guztiek hartzen dute parte Lan eta Justizia Batzordean eta gaur talde guztietako ordezkaritza batek Zaballako espetxera egin du bisita, hura barrutik ikusi eta kudeaketa ereduari buruzko xehetasunak bertatik bertara jasotzeko.
Bisitaren ostean kaleratutako ohar batean, EAJk espetxeen kudeaketaren eskumena transferitzeko beharra azpimarratu du, «legean jasota» dagoelako. «Gure taldearentzat lehenetsi beharreko gaia da eta berdin da Eusko Jaurlaritzarentzat, hala jasota dagoelako bere konpromisoen artean eta PSE-EErekin izenpetu genuen akordioan adierazi ziren lehentasunen artean», adierazi dute jeltzaleek.
EAJren iritziz, «ez dago arrazoirik atzeratzea edo legea bete gabe uztea justifikatuko duenik. Legea bete egin behar da eta Estatutua legea da, batzuek komeni zaienean soilik gogoratzen badute ere».
EH Bilduren legebiltzarkide eta batzordeko presidente den Jone Goirizelaiak ere transferentzia gauzatzeko premia jarri du mahai gainean.
«Ondo egiten diren gauzak» ikusi dituztela nabarmendu du, baina jarraian aipatu du badaudela, eskumena berton izanda «hobeto eta beste era batean» egin daitezkeen gauza batzuk.
Legebiltzarkide ez denez Zaballara joan ez den arren, espetxeen eskumenaz mintzatu da Arabako PPko presidente Iñaki Oyarzabal ere. Bere esanetan, «ez da unea» transferentzia hori gauzatzeko.