Sortu: «Garai politiko berriak gizatasunezko neurri berriak behar ditu espetxeetan»
Garai politiko berriak eskatzen duen espetxe politika berriak «gizatasuna» behar duela azpimarratu du Sortuk, eta «ez gorrota, ez trufa, ez egoera hutsaltzea».
Ohar baten bitartez, Sortuk gogoratu du azken asteotan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei buruzko hainbat albiste izan direla. Haien artean «tamalgarrienak» hilaren 5ean eta 26an izan ziren, hurrenez hurren, Juan Mari Mariezkurrena eta Oier Gomez hil zirenean. «Bi preso ohien kasuan, gaixotasun larri eta sendaezina diagnostikatutakoan, gelditzen zitzaien zigorra eten behar izan zuten espetxe-administrazioek 2017an», adierazi du ezker abertzaleko alderdiak.
Asier Aginako preso durangarraren kasua ere izan dute aipagai. Atzo, urtarrilaren azken egunean, aske gelditu zen, berriki atzemandako gaixotasun bat dela-eta zigorra etenda.
Testuinguru honetan, Sortuk salatu du kartzeletako egoera «gordina bezain krudela» dela: «preso gehienek 50 urte inguru eta gehiago dituzte; ia 200 presok 15 urte edo gehiago bete dituzte kartzela-erregimenik gogorrenetan; eta ia mediku- eta osasun-zaintzarik gabe daude».
«Juan Mari, Oier edo Asierren kasuak ez zeuden gaixotasuna duten presoen zerrendan, eta salatzen ari garen kartzeletako egoera kezkagarri honene rakusle dira. Itxura batean gaixotasunik gabeko presoak ziren eta gaitzak berandu antzeman eta diagnostikatu dizkiete», azaldu du Sortuk, Jaiki Hadik eginiko zerrendan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 21 preso daudela gogoratuz.
Gobernu espainiarrak EAEn daukan ordezkari Jesus Lozak gaiaren inguruan izandako jarrera gogor gaitzetsi du alderdi abertzaleak, «gaixotasun kopurua eta haien gaitzak hutsaltzat» jo zituenean presoei, senideei eta Estatuaren «gabeziak» betetzen ari diren medikuntza alorreko profesionalei «trufa» egin ziela ohartaraziz.
Sorturen iritziz, «garai politiko berriak neurri humanitario berriak eskatzen ditu, eta espetxe politika berriak gizatasuna izan behar du, ez gorrotoa, ez trufa, ez egoera hutsaltzea».
Urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan bildutako jendetza gogora ekartzeaz gain, Sortuk azpimarratu du bihar ere gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen berehalako askatasua exijitzeko manifestazioak egingo direla.
«Sortuk dei egiten du Sare eta Txus Martinen aldeko plataformak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko (12.00etan Donostian eta 13.00etan Galdakaon). Bereziki, Sarek 17.00etan Gasteizen ‘Oier azkena izan dadila’ lelopean egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu», adierazi du, azkenik, Sorturen oharrak.