INFO
Elkarrizketa
Idoia Moreno
MSF-ko erizain boluntarioa

«Ezin dugu imajinatu Bilbotik edo Gasteiztik bi ordura daukagun infernua. Moria kontzentrazio esparru bat da»

Idoia Moreno MSF-ko boluntarioak beste errefuxiatu esparru batzuetan lan egin du aurretik, baina inoiz ez du ikusi Lesboseko bizi baldintza latzetan adinako itxaropen falta. Infernutik ihes egin duten horiek beste infernu batera iritsi direla dio.


Idoia Moreno Gasteizko erizainak Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) boluntario gisa lan egin zuen iaz Greziako Lesbos uhartean dagoen Moria kanpamentuan. Bertan infernua ezagutu zuen. Milaka errefuxiatu pilatuta, gutxieneko osasun baldintzarik gabe, janari eskasarekin eta, okerrena, itxaropenik gabe. Bere esperientzia Javier Gallego Crudo eta Juan Gallegorekin batera bildu du, olerki ilustratuen liburu batean: “Como si nunca hubieran sido” (Inoiz izan ez balira bezala). «Inork hitz egiten ez duen gai bati buruzko» liburua dela dio. Mediterraneoan hiltzen ari diren milaka pertsonei buruzkoa, alegia. Erdiak umeak direla nabarmendu du, «jaioberriak, urte bateko umeak, hiru urteko umeak, familiarik gabeko adingabeak».

Joan den abenduan Bilbon aurkeztu zuen liburuaren bidez saiatu da «hildakoei aurpegia jartzen», eta, aldi berean, «berdin digula» salatzen. «Ez dakigu izan diren edo izango diren, garrantzirik ez diegulako ematen, kontzienteki anestesiatuta gaude».

Mediterraneoan hamar edo ehun pertsona hil direla irakurri, eta dagoeneko ez gaitu astintzen duela urte batzuk bezala. Gainera, badirudi gaia komunikabideen lehenengo orrietatik desagertu dela.

Arazoak hor jarraitzen du, eta gaur egungo egoera aurreko urteetakoa baino askoz okerragoa da. Ni Lesbosera iritsi nintzenean, urtarrilean, 4.500 pertsona genituen eta joan naizenean 10.000 utzi ditut. Zazpi hilabetean, otsailetik urrira. Normalean astero 500 pertsona inguru heldu dira udan. 500 pertsona horietatik 250 beti umeak izan dira. Gehienak Afganistanekoak, eta bigarrenik siriarrak, hirugarrenik kongoarrak, eta gero, Kamerun, Senegal, Irak, Iran, Palestina… Denetarik.

Errefuxiatuak irudikatzen ditugunean, gizonezkoak datozkigu burura. Gizon gazteak, helduak… baina Lesbosen milaka familia ditugu. Aurpegia jarri behar diegu eta jendeari buruan sartu familiei buruz hitz egiten ari garela. Moria ez da errefuxiatu esparru bat, kontzentrazio esparrua baizik. Europako migrazio politika kontzentrazio esparru bat irekitzen ari da, literalki. Ezin ditugu ezta errefuxiatu deitu ere. Errefuxiatuek badituzte nolabaiteko eskubide berezi batzuk, biktimak direlako; eta Lesbosen, ordea, ez dute inolako eskubiderik. Guztiz ezeztatuta daude, giza duintasunaren falta erabatekoa da, infernua da. Gizagabetasuna nagusi da. Europan baditugu animaliak garajeetan Lesbosen ditugun milaka pertsona horiek baino hobeto.

Zeintzuk dira bizi baldintzak?

2.500 pertsonarentzako egina zegoen, eta gaur egun 10.000 daude [azken egunotan kopurua 5.000ra jaitsi da, baina iristen jarraitzen dute]. Gehienak kanpin dendetan. Decathloneko Qechua bezalako kanpinetan. Iragazgaitzak ere ez dira. Tenperatura zero gradukoa da, elurpean daude, elurretan egunero, eta ez dute dirurik arropa erosteko. Beraz, negu honetan umeak hilko dira hotzagatik edo gaixotasunengatik.

Nolakoa da haien eguneroko bizitza?

Ez dute ezer egiteko. Ez dago ezer. Kanpin dendetan egon arren, pilaketa izugarrizkoa da. Afrika Erdiko Errepublikako errefuxiatu esparru batean egon nintzen lanean, eta uste nuen hori zela txarrena. Lesbos are txarragoa da. Ez dute osasun arretarik. Gobernu greziarrak badauka mediku bat esparru osorako, milaka pertsonarentzat. Horrek ezintasun handia sortzen dizu. Nik onar dezaket Kongoko oihanean jendea hiltzen zaidala, oihanean ez daukadalako medikamenturik, baina Europan ezin dut onartu. Bi mediku boluntario ere badaude, baina ozta-ozta parazetamol pixkatxo bat emateko gai dira, askoz gehiago ez. Azkenean, ospitalea ere guztiz kolapsatuta dago. Beste ehun pertsonarekin borrokatu behar dira horra heltzeko, eta gai baldin badira bi mediku boluntario horiek ikusteko, errezeta bat egiteko da. Eta azkenean, jendeak ez dauka dirurik medikamentu horiek erosteko. Praktikan ez dago inolako osasun arretarik.

Niretzat gogorrena da. Hori ikusita, nik koordinatu dudan MSFren klinikan, umeak bakarrik hartzen genituen, 17 urte artekoak, eta emakumeak. Gutxienez populazio ahulena pixka bat zaintzeko. Azkenean gu ere oso mugatuta geunden. Egiten genuena zen osasun zentro baten kontsulta, osasun primarioa. Kasu oso latzak ospitalera bideratzen genituen, eta askoz gehiago ez. Bi emagin ere bagenituen, emakume haurdunek ez dutelako beste inolako arretarik.

Guk arratsaldeko bostak-seiak aldera ixten genuen. Boluntarioak kanpoan egoten ziren arratsaldean, 21.00ak edo 22.00ak arte. Baina hortik aurrera, goizeko 8.00ak arte, Morian ez dago inolako medikurik, ez dago ezer. Eta Poliziak baino –20 edo 30 esparru osoan– ez dira anbulantziari deitzeko gai.

Lehenengo, imajinatu Afganistango norbait farsi hizkuntzan greziar bati esanez mesedez anbulantziari deitzeko. Eta bigarrenik, poliziak anbulantziari deitzea errefusatzen ari dira. Behin, gauean krisia izan zuen 6 urteko ume epileptiko bat polizien aurrean eraman zuten eta poliziek esaten zieten ez zela egia, itxura egiten ari zela. Kasu latzena, bi urteko ume siriar bat izan zen, burezur haustura zuena, beste hiru anai-arreba hil zizkion bonba baten ondorioz. Bazituen biriketako arazo pila, gauean bi minutuko apneak zituen, kolore morea hartzen ari zen eta poliziek ez zioten anbulantziari deitzen. Heldu ginenean, urrian, emakume bat kanpin denda baten barruan erditu zen, Poliziak ez ziolako anbulantziari deitu nahi izan. Erabat gizagabetua da. Behin eta berriro esango dut, bakarrik hitz hori dudalako definitzeko, Europan egoera guztiz gizagabetu hori probokatzen, baimentzen eta mantentzen ari garela.

Dendak bata bestearen ondoan daude eta hirugarren bat muntatzen da bi horien arteko pasiloan. Moriak kilometro karratu bat inguru du eta hamar mila pertsona pilatzen dira barruan. Komun bat dago 35 lagunentzako eta dutxa bat ehunentzako. Imajinatu dezakezu instalazio horien egoera.

Nola eskuratzen dute eguneko janaria?

Gobernuak ematen die zopa moduko bat arroz pixka batekin eta lau babarrunekin. Hori egunero, eta astean bitan oilaskoa. Arazoa ez da bakarrik janariaren kalitatea. Janaria nola eskuratu behar duten baizik. Ikusten nuenean the food line (janaria banatzeko tokia) hiltegi bat etortzen zitzaidan burura. Labirinto moduko bat da, dena itxia, kaiola baten moduan. Gizonak bakarrik joaten dira janaria hartzera, unerik arriskutsuena eta bortitzena delako. Gosaria, janaria eta afaria eskuratzeko bost orduz itxoin behar dute zutik. Emakumeek esaten zidaten senarrak bertan ematen zuela eguna. «Lauretan esnatu, eta badoa gosaria hartzera; guri ekarri, eta badoa bazkaria hartzera, eta bueltatzen da afaria hartzera». Hor beti liskarrak sortzen ziren. Egoera muturrekoa da. Bultzada txiki bategatik edo beste edozergatik kristoren borrokak sortzen dira. Bolborategi bat da. Elbarriak, agureak edo bakarrik dauden emakumeak ez dira gai janaria eskuratzeko, bost ordu zutik ezin dutelako egon edo beldurra diotelako horra joateari, istiluak sor daitezkeelako.

Horrek guztiak arazo psikologikoak ere sortzen ditu.

Bizi baldintzak gizagabeak badira, are gehiago asiloa eskatzeko prozesua. Lesbosera iristen direnean shockean geratzen dira, bizi baldintza horiek ikusten dituztenean. «Benetan bi-hiru urte eman behar ditugu kanpin denda horretan?», galdetzen zidaten. Asilo prozesua guztiz kolapsatuta dago. Irailean, asilo prozesua hasteko lehenengo zitak 2019ko azarorako ematen ari ziren. Horrek esan nahi du Morian gutxienez urte eta erdi egon beharko direla bizi baldintza horietan prozesua bera hasi ere egin baino lehen.

Egoera okertzen hasi zen 2015ean. Lesbosera egunero 5.000 pertsona iristen ziren, 50 itsasontzi, baina garai hartan paseko tokia zen. Gau bat edo bi egiten zituzten bertan, eta gehienei identifikazio paper bat eman eta ferryetan Atenasera bidaltzen zituzten.

Europa-Turkia hitzarmena sinatu zenean, Lesbosera iristen zen jende guztiari «murriztapen geografikoa» ezarri zieten: Lesbosetik ezin dira irten asilo prozesua konpondu arte. Egun badugu jendea Morian hiru urte daramana, asilo prozesua kolapsatuta dagoelako. Lesbos kartzela natural bat da. Azkenean, hegazkinez edo ferry bidez irten zaitezke soil-soilik, eta inolako pasaporte eta bisarik gabe, ezin dute irten. Egoera hain denez jasangaitza, azkenean Iheslarientzako NBEren Agentzia (Unhcr) hasi da hainbat mila pertsona Atenasera pasatzen, baina hala ere, 500 heltzen dira astero, eta hilabetean 300-400 mugitzen dira Atenasera.

Lesbosera heltzen direnean konturatzen dira etortzen direla infernu batetik beste infernu latzago batera. Han daudenek esaten diete Lesbosen bi urte daramatela. Orduan shock hori jasotzen dute. Hilabeteak joan ahala, bizi baldintza horietan bizitzen, asilo prozesua guztiz kolapsatuta dagoela eta elkarrizketak etengabe atzeratu egiten ari direla ikusten, azkenean jendeak bere bizitzaren kontrola guztiz galdu egiten du. Ez dakite zenbat denbora pasatu behar duten Lesbosen, ez dakite edozein unetan Turkiara, Siriara, Afganistanera edo Kongora itzularaziko dituzten, edozein momentutan erabaki dezaketelako asilo prozesua ixtea. Itxaropen falta sortzen du horrek guztiak. Zazpi hilabete hauetan askotan tokatu zait eskumuturrak jostea 15 edo 17 urteko gazteei edo helduei. Beren buruaz beste egiten ari dira, etorkizuneko aukera bakarra ikusten dutelako.

Beraien jaioterrietako egoeran ere egin izan ez dutena.

Gehienak guda oso bortitzetatik irten dira. Gazte eta ume askok bertatik bertara ikusi dute beren gurasoen exekuzioa; askok ikusi dute ama edo arreba bortxatua; askok familia galdu dute bonbardaketetan. Hori da daukaten trauma-basea. Kongokoak izan dira, adibidez, tortura latzenak jaso dituztenak. Arazo fisiko eta psikiatrikoak dituzte militar eta polizien eskuetan jasandako torturengatik. Horregatik iheska dabiltza eta, segurtasun hori lortzeko eta bizirik jarraitzeko itxaropenarekin, hartzen dituzte txalupa puzgarri kaka horiek. Lesbosera heltzen direnean ikusten dute amets hori apurtu egiten dela. Infernu bat aurkitu dute. Guraso batzuek esan zidaten: «Morian bizitzen ari garena Sirian edo Afganistanen utzi duguna baino latzagoa da». Behin, aita batek, hiru semeak handik korrika zituela, esan zidan: «Hau jakinda, Morian bizitzen ari garena bizitzea baino nahiago nukeen bonba batek gu guztiak hil izana Sirian, anaiari gertatu zitzaion bezala».

Orain zer espero dute? Herrira itzultzea, asiloa..?

Obsesionatuta daude asiloarekin, behingoz seguru sentitzeko. Prozesuak jarraitu bitartean Europar Batasunak erabaki dezake ixtea eta kanporatzea, bai Turkiara, bai Siriara. Batzuk eskatzen ari dira itzultzea. Baina Europar Batasunak erabaki du Siria ez dela herri segurua, eta ez die uzten itzultzen. Sartzen dituzte Moria barruan dagoen kartzela batean eta han uzten dituzte asteak edo hilabeteak aberriratuko dituzten edo ez erabaki arte.

Eta familiarik gabe iristen diren haurrak?

Oso arazo handia da. Lesbosen 600 inguru ditugu eta Grezia osoan ia 3.000. Asko, bakarrik, familiak bonbardaketetan hil egin dituztelako. Besteek ikusi dute beren aurrean exekutatzen. Beste askori familiak ordaintzen die bidaia etorkizun hobea aurkituko duten itxaropenarekin. Gehienek badute kristoren trauma bizkarrean. Immigrazio Ministerioko funtzionario batek, bakarrik dauden adingabeen arduradunak, onartu zidan Greziako Gobernuak 1.000 zaindu ahal dituela –aterpea, jateko ematea eta horrelakoak–. Badakigu, beraz, gutxienez 1.500 adingabe daudela Atenaseko kaleetan prostituzioan, inor ez delako haien kargu egiten eta bizirauteko era bakarra delako. Horri buruz inor ez da ezer egiten ari eta drama handia da. Nola bukatuko dute 15-17 urteko neska-mutil hauek?

Adinekoen kasua latzagoa da. Umeak ikusten dituzu jolasten, baina 80 urteko emakumea, Afganistan edo Siria utzi behar izan duena, menditik atera, plastikozko ontzi ziztrin batean igo, Moriara iritsi eta kanpin denda batean bizi, inolako osasun asistentzia gabe, janari gabe, ezer gabe... Duintasun falta hori umeena baino latzagoa egiten zait.

Turkiaren eta Europaren arteko hitzarmenak nola aldatu zuen egoera?

Heltzen ari den jendeari dagokionez, ezer ez. Aukera bakarra dutelako bizirauteko beraiek eta beren familiek. Jendeak berdin-berdin jarraitzen du. Ezberdintasun nagusia zera da, «murrizpen geografikoa» ezarri dutenez, Moria, erregistro eta paseko zentro bat izatetik benetako kontzentrazio esparru bat izatera pasatu dela.

Zein da Europako Gobernuen jarrerari buruzko zure iritzia?

Denek altxatu nahi dituzte hesiak. Inork ez ditu errefuxiatuak nahi. Europan daukagun joera beldurgarria ikusten dugu. Kaleko jendeak ere ez ditu nahi, bizi garen ezjakintasunagatik. Oso era beldurgarrian zabaltzen ari da bortxatzaileak direla, terroristak direla eta laguntza sozialetik bizitzera datozela. Gure agintariak diskurtso hori suspertzen ari dira. Nahi dutena da Europara ez heltzea. Azken hilabeteetan Moriak oihartzun handia izan du Europan eta horregatik hasi dira horri buruz hitz egiten, baina erreakzio bakarra izan da Frontex 35.000 milioi eurorekin indartzea. Hori da Europar Batasunari bururatzen zaion ideia bakarra: Turkiari diru gehiago ematea, kontzentrazio esparru gehiago egiteko eta jendea gehiago torturatzeko… eta Europara jende gutxiago heltzeko.

Aurretik ere egin izan dituzu halako lanak MSFrako. Nolako esperientziak izan dira?

Oso gogorrak. Kongon eta Afrika Erdiko Errepublikan ere laztura handia ikusi dugu: torturak, bortxaketak eta sarraskiak. Baina Lesbosen ikusi dudan itxaropen falta eta etsipen hori, zainak moztera iristea, ez dut beste inoiz ikusi. Lesbosekoa psikologikoki latzena izan da.

Nola egiten zaio aurre egoera horri?

Oso zaila da. Nik, pertsonalki, indarra hartzen nuen oso talde ona nuelako, 40 pertsona inguru nirekin. Ematen zidaten maitasunarekin eta laguntzarekin lortu nuen aurrera egitea. Moriatik atera ditudan 30 familia horietako bakoitzarekin, poztasuna eta bizitza aldatu diozula ikusteak, nahiz eta ale bat basamortuan izan, jarraitzeko indarra ematen dizu. Baina oso gogorra da. Azkenerako ez nintzen gai lo egiteko. Goizeko lauretan esnatzen nintzen kontatutako istorioetan oroitzen, egin behar nuenari buruz pentsatzen…