Jokoa eta emaitza, bat Ipuruan (3-0)
Izan da egunik Eibarren jokoak eta emaitzak bat egin ez dutenik. Ez da halakorik suertatu gaur Ipuruan, izan ere aurkaria baino hobea izan eta aise garaitu dute armaginek Girona. [Neurketaren xehetasunak]
Aise irabazi du Eibarrek Gironaren aurka, ongi jokatuta. Izan da denboraldian zehar itxura ona eman baina partidak irabaztea kostatu zaion neurketarik; gaur, zorionez, justizia egiten du markagailuak (3-0).
Neurketa hasi bezain pronto hasi dira armaginak gol aukerak pilatzen. Zutoinera jaurti du Orellanak 4. minutuan eta gora alde egin dio baloiak Cucurellari 5.ean. Lehenengo ordu erdian, baloi jabetza handiagoa izanagatik, kosta egin zaio Eibarri gol aukera garbiak sortzea.
Horretan zirela, Ruben Peñak neurketako lehenengo gola egin du, garaipenari bidea irekiz parez pare. Izan ere, bigarren zatia hasi bezain pronto, 46. minutuan, egin du partidako bigarrena Charlesek.
Charles bera izan da, 57an, behin betiko 3-0ekoa jarri duena markagailuan, penaltiz. Mundu bat falta zen oraindik 90. minutua betetzeko, baina Eibarrek asmatu du nola jokatu. Baloiaren jabetza mantentzen jarraitu dute armaginek, sustorik ez hartzeko.
Hiru puntuak poltsikoan, aurrera begira aurkari zuzena izan daitekeen talde baten aurka irabazi du Eibarrek igande honetan Ipuruan.