INFO

Naturklimak, Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioak, ateak zabaldu ditu

Naturklima, Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioa, aurkeztu dute. Behatoki bat sortzea, berotze globalak Lurraldeari zenbateraino erasaten dion neurtzeko eta aztertzeko; ekonomia zirkularra bultzatzea, birziklatzearen industria eta ekonomia berdea sustatuz; eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak bultzatuz, izango ditu helburu gisa.

Naturklima, Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioa, aurkeztu dute. (Gipuzkoako Aldundia)

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Itziar Eizaguirre Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioko zuzendariak, Naturklima Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioaren egoitza aurkeztu dute gaur goizean. Miramongo parke teknologikoan egongo da bere behin betiko instalazioak Eskuzaitzetan eraiki bitartean.

Aldaketa Klimatoaren Fundazioa «Gipuzkoatik klima aldaketaren erronkari aurre egiteko erantzun eraginkorrak eskaintzeko sortua da, tokian toki zein mundu mailan». Klima aldaketak «Gipuzkoan eragiten dituen inapktuei aurre egiteko ahalmen instituzionala, teknikoa eta soziala sortzea» du jomuga. Horretarako, trantsizio soziekologiko efektiboa erraztu eta arinduko da, eta arlo publikoan eta pribatuan erabaki hobeak hartzen lagunduko da. Helburua, modu honetan, «ekonomia berdearen ildotik, Gipuzkoak klima aldaketara egokitzeko eta haren inpaktuak arintzeko bidean aurrera egitea» da.

Hiru jarduketa-ardatz hauetara bideratuko du bere jarduera: behatoki bat sortzea, berotze globalak Lurraldeari zenbateraino erasaten dion neurtzeko eta aztertzeko (Circular Recycling Hub); ekonomia zirkularra bultzatzea, birziklatzearen industria eta ekonomia berdea sustatuz (Reneawable Energy Hub); eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak bultzatuz.

Asensiok «Gipuzkoa gaurkoaren desberdina izateko» plan estrategiko bat garatu behar duela nabarmendu du, «berotegi efektuko gas isurketak murriztuz, gaur egungo energia mendekotasuna gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez».

Bestetik, Itziar Eizaguirrek azpimarratu du klima aldaketaren arloan tokian tokiko eremutik lan egitea ezinbestekoa dela. «Mundu mailako gertakari baten aurrean gaude baina erantzunen, ekintzen eta estrategien zati garrantzitsu bat tokian tokitik ezarri behar dira».

Naturklimak bere behin betiko egoitza Eskuzaitzetan izango du, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ingurunean. Eraikina passive house oinarriak ezarriz eraikiko da, zeinek arkitektura bioklimatikoa batzen duen eraginkortasun energetikoarekin batera, energiaren gutxieneko kontsumoa eta 0 isurketak lortzeko. Halaber, eraikinak mugikortasun eta irisgarritasun jasangarriko irizpideak barneratzen ditu. Eraikinak eguzki-panelak izango ditu eta ura biltzeko estalki berdea. Egoitzak lorategi botanikoa izango du ere CO2 isuriak harrapatzeko.