Amildegian uste baino askoz erosoago aritu dira Altuna-Martija (22-8)
Elezkano-Rezustak ez dute eurengan ohikoa den maila eman eta espero zena baina errazago ipini dizkiete gauzak euren enpresakoei.
Sailkapena estutzeko behar-beharrezkoa zuten gaurko garaipena Altuna III.a-Martijak Labriten eta espero eta inork uste baino askoz errazago gainditu dituzte dagoeneko sailkatuta diren Elezkano eta Rezusta.
Tentsioa eta irabazi beharra onerako zein kalterako izan daitezke sarritan eta argi dago gaur Labriten beharrik handiena zuen bikoteari mesede egin diela presioak. Elezkano-Rezustaren kasuan, ordea, orain arte erakutsitako sendotasuna kolpetik joan zaiela esan daiteke, oso partida txarra jokatu baitute batak zein besteak.
Hasiera-hasieratik ikusi da, gainera, gorrien nagusitasuna erabatekoa izan dela. Atzean, Martijak eraman du gehienean partidaren aginte makila, berandu eta baldar aritu den Rezustaren aldean. Bergararrak aitortu du astean zehar karga handiko entrenamenduak egin dituztela, sailkatuta egonda, epe ertainera begira eta hor egon daiteke urdinen partida txarraren arrazoietako bat, nahiz eta hau sekula ezin daitekeen aitzakia bat izan.
Gauzak horrela, historia gutxiko partida izan da Labritekoa. Nabarmena da, baita ere, Altuna-Martija gorantz egiten ari direla txapelketa honetan eta erraz nagusitu dira. 6-0 eta 13-2 jarri dira aurretik eta ez dute inolako arazorik izan behar beharrezkoa zuten puntua lortzeko.