Gizarte alor anitzetako herritar ezagunek «konponbide politikoa» exijitu dute Kataluniarentzat
Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistan kontrako epaiketaren atarian, Gure Esku Dagok sustatuta, besteak beste, kultura, unibertsitate eta kiroletako 68 herritar ezagunek elkartasun manifestua plazaratu dute. Bertan, preso dauden buruzagi soberanistak «berehala aske uztea», «salbuezpenezko bide judiziala indargabetzea» eta «negoziazioari» ekitea exijitu dute.
Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten egoera kontuan harturik, gizarte alor anitzeko 68 herritar ezagunek 'Konponbide politikoaren alde' elkartasunezko manifestu herritarra plazaratu du Gure Esku Dagok Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutako ekitaldian.
Sinatzaileen artean Fermin Muguruza, Gorka Urbizu eta Anari Alberdi abeslariak, Onintza Enbeitia bertsolaria, Martxelo Otamendi, Elixabete Garmendia, Pili Kaltzada, Julen Telleria eta Mariano Ferrer kazetariak, Ainhoa Tirapu eta Asier Illarramendi jokalariak, Jule Goikoetxea eta Mario Zubiaga EHUko irakasleak eta Bel Pozueta (Altsasu Gurasoak) daude, besteak beste.
Garmediak eta Telleriak irakurritako testuan, sinatzaileek hiru aldarrikapen nabarmendu dituzte. Alde batetik, preso dauden buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanak «berehala aske uztea». Bestalde, «salbuezpeneko bide judizial, juridiko edo prozesalak indargabetzea» eskatu dute, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako kausa guztiak bertan behera utzita. Azkenik, elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia egin dute, «herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin».
«Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia»
Sinatzaileen hitzetan, «elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira». Horregatik, oinarri hauek «sendotu eta defendatu» behar direla azaldu dute.
Gainera, «haize autoritario eta intoleranteen aurrean», kultura demokratikoan sakondu eta elkartasuna landu behar dela zehaztu dute. «Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere», adierazi dute, «demokrazian, ezin da epaitu demokrazia», gaineratuz.