INFO

Jarrera matxistek ilundutako harmaila

Anoetak Realeko eta Athleticeko nesken derbia hartu zuen atzo. 20.000 lagunek baino gehiagok bete zuten harmaila eta bertan bizitako giroa sekulakoa izan bazen ere, tartean izan ziren zenbait jarrera matxista. Olatz Salvador kantautore donostiarrak bizitako egoera matxista baten berri eman du Twitterren.

21.234 herritar izan ziren norgehiagokaren testigu. FOKU. Jon URBE

Realeko eta Athleticeko jokalariek Anoetako estadioan jokatu zuten atzo derbia. 21.234 herritar izan ziren norgehiagokaren testigu eta zaleak pozik eta gustura irten ziren Anoetatik, bi taldeek bina egin ostean.

Hasiera batean, talde zuri-gorriak bi goleko abantaila eskuratu bazuen ere, txuri-urdinek Iberdrola Ligako 20. jardunaldiko partida berdintzea lortu zuten.

Harmailetan bizitako giroa sekulakoa izan zela nabarmendu zuten komunikabide gehienek, nesken partidetan biltzen den ikusle kopurua ere gorantz doala adieraziz. Haatik, dena ez zen urre izan harmailetan.

Olatz Salvador kantautore donostiarrak Anoetan bizitakoak jaso ditu Twitterren, futbol zelaietan ohikoegiak diren «egoera matxista, arrazista eta homofoboen adibide» gisa.

Abeslariak azaltzen duenez, lagunekin bertaratu zen Anoetara, partidaz gozatzeko asmoz. Haien atzean ordea, marmar batean zegoen gizon bat eseri zen.

Zelai jokoan gertatzen ari zena ez zela «ez futbola eta ezta emakumezkoena ere» zioen gizonak. Salvador eta bere lagunek kargu hartu eta errespetua galdegin zioten, gizonak, ostera, asaldatuta burla egiten jarraitu zuen, umeez inguratutako harmaila batean. Partida osoa igaro zuen zelaian ziren futbolarien aurkako komentario iraingarriak botaz, bai eta emakumezkoen futbolari buruz.

Salvadorrek Twitterreko hari batean jaso du egoera guztia. Hemen duzue ikusgai.

Oihartzun zabala jaso du Salvadorren kontakizunak, baita mezu ugari eragin ere.

Irene Paredes futbolari gipuzkoarrak ere partekatu du Salvadorren mezua. Euskal Herriko eta Espainiako selekziotan aritu da, Paris Saint-Germainen taldean jokatzen du orain. Haserre agertu da Twitterren Salvadorrek kontatutakoarekin.