INFO

«Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea epaitzen dituztela» salatu dute euskal eragileek

«Auzipetuei elkartasuna eta babesa agertzera etorri gara. Epaiketa politikoa da gaurkoa, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea epaitzen dituzte gaur», adierazi du EH Bilduko Maddalen Iriartek. Era berean, EAJko Aitor Estebanek «eskarmentu eta mendeku gogoak» ikusten dituela nabarmendu du. Gure Esku Dagok eta Independentistak sareak ere elkartasuna adierazi nahi izan diete auzipetuei.

Euskal eragile ugari gerturatu dira Madrilera auziperatuei elkartasuna adieraztera. (@ehbildu)

EH Bilduk ordezkaritza zabala dauka gaur espainiar Auzitegi Goreneko atarian. Bertan, Marian Beitilarrangoitia diputatuak agintari independentista katalanen aurkako epaiketa gaitzetsi du: «Europak eta munduak espainair Estatuan dagoen demokrazia falta ikusteko balioko du epaiketa honek», adierazi du. 

Zentzu beran egin ditu adierazpenak Maddalen Iriartek Auzitegi Gorenaren atarian. «Auzipetuei elkartasuna eta babesa agertzera etorri gara. Epaiketa politikoa da gaurkoa, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea epaitzen dituzte gaur».

Espainiar Kongresuan EAJk duen bozeramaileak, Aitor Estebanek, Beitialarrangoitiaren hitzekin bat egin du eta epaiketa honen bidez Europak espainiar justizia «neutrala den edo ez» ikusteko aukera izanen duela adierazi du. Era berean, «eskarmentu eta mendeku gogoak» ikusten dituela nabarmendu du.

Madrileraino bertaratu dira ere Gure Esku Dago plataformako kideak. «Madrilen gaude, sentitu dezazuen gure babesa eta elkartasuna. Arratsaldean elkarretaratzeak Euskal Herrian. Mai caminareu sols (inoiz ez zarete bakarrik egonen)», adierazi nahi izan diete auzipetuei. Plataformak elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan 19:00etan.

Bestetik, Independentistak saareka azpimarratu du «78ko Erregimenak bere aurpegi errepresiborik bortitzena erakutsi duela 2017ko udazkenetik hona». Honela, epaiketa,  «Kataluniaren aurkako eraso zuzena izateaz gain, demokraziaren oinarrian dagoen erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa da. Demokrazia eta askatasunaren aurkako epaiketa da».