INFO

Asier Borrero Algortako presoa Espainiaratu egin dute

Mont de Marsango espetxean Estatu frantsesak ezarritako zigorra bete ondoren, Asier Borrero handik atera eta Espainiaratu egin dute, NAIZi jakinarazi diotenez, ofizialki ez baita inolako informaziorik. Antza denez, bihar eramango dute Auzitegi Nazionalera.


Asier Borrero 2009. urtean atxilotu zuten Pauen, Itziar Plaza eta Iurgi Garitagoitiarekin batera, ETAko kide izatea leporatuta. Hamar urte egin ditu, beraz, Frantziako kartzeletan. Iazko apirilean, Paris ondoko Poissyko espetxetik Mont de Marsangora hurbildu zuten eta bertan agortu du zigorra.

Atzo goizaldean, Algortako bizilagunek NAIZi jakinarazi ziotenez, handik atera eta Espainia aldera eraman zuten Borrero. Arratsaldean Madrilgo Soto del Realeko espetxean zen algortarra, eta badirudi bihar asteazkenean eramango dutela Auzitegi Nazionalera. Ez da ofizialki bere egoeraren inguruko inolako informaziorik zabaldu, gaur arratsaldean behintzat.

Algortan Asier Borrero «Tortu» aske uzteko esijitzeko elkarretaratzea egingo da gaur arratsaldean, Telletxe Plazan. Eta manifestazioa iragarri dute ostiralerako, martxoak 1 hain zuzen ere, 19.00etan toki beretik abiatuta.