INFO

'Change the change’ gailurraren harira, erraustegiaren aurkako mobilizazioak izanen dira

Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako koordinadorak bi elkarretaratze deitu ditu, martxoaren 5 eta 6an, hilaren 5ean hasi eta 8ra arte Donostiako Kursaalean luzatuko den 'Change the change' klima aldaketaren inguruko gailurraren harira. «Zubietako erraustegiak klima ere aurretik darama».


Juan Miguel Galatas eta Maria Luisa Sanchez, Gipuzkoako Errausketaren Aurkako koordinadorako bozeramaileek, prentsaurrekoa eskaini dute Donostian. Bertan bi elkarretaratze deitu dituzte: martxoaren 5ean, 19:00ean, Alderdi Ederren eta hilaren 6an Kursaalaren aurrean. Gaurko agerraldian, alboan izan dituzte Ekologistak Martxan eta Eguzki kolektiboak, ESK, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, Equo, Irabazi, EH Bildu, Sortu, Ernai, Belartza 2 Gelditu eta Satorralaia.

«Emergentzia egoeran bizi gara», salatu dute. Gaur egungo krisiak «hainbat aurpegi» dituela nabarmendu dute: «Ekonomikoa, soziala eta politikoa». Eta guzti hauek, planeta berotzearekin batera areagotu eginen direla iritzi dute. Zentzu honetan, Gipuzkoa eta Donostiako erakundeak «gauzak oso gaizki» egiten ari direla adierazi dute, «aholkatzen diren neurrien aurkakoak, gizarteari etorkizuna eta oraina mugatuz botere ekonomikoen alde».

Erraustegiaren hondakinak «osasunarentzako kaltegarri» direla ekarri dute gogora eta «Europarentzako lehentasuna den ekonomia zirkularra zailtzen dutela» nabarmendu dute. Horren aurrean «alternatiba hobeak eta merkeagoak» dauden arren, «agintariek ez dituztela entzun nahi» gaineratu dute.

«Erraustegia gelditzeko garaiz gaude», baieztatu dute. «Bestela, ekonomia baldintzatuta geratuko da 2051ra bitarte», aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko «diru publiko ugari beharko den garaian». 

Hau dela-eta, gizarteari mobilizazioetan parte-hartzeko deia egin diete, eta planetaren etorkizunarekin «benetako konpromisoa» adieraztea eskatu agintari politikoei.