‘Gazte Doinhua’, gazte mugimenduaren melodia
Euskal Herriko gazteen borrokari lotutako doinuak berreskuratu eta bildu nahi ditu Ernaik ‘Gazte Doinhua’ egitasmoan. Plazaratutako lehena, 1999. urteko 'Gazte Abialdia' ekimenaren soinu banda da: Su ta Gar taldearen ‘Gazteria abian’.
‘Gazte Doinhua’ ekimena jarri du abian Ernai gazte erakundeak, urtez urte Euskal Herriko gazteen borrokari doinua jarri dioten kantuak berreskuratzeko intentzioz. Zehazki, Aste Santuaren bueltan antolatzen duten gazte ekimenetako kantuen bilduma osatu nahi du egitasmo honekin.
Asteazkenean abiatu zuen ekimena, sare sozialak lagun hartuta, eta Twiterren zabaldutako lehen abestia 1999. urtean Euskal Herria zeharkatu zuen 'Gazte Abialdia' ekimenaren soinu banda izan da. Eibarko Su ta Gar taldeak egin zuen ‘Gazteria abian’ izena daraman eta albistean entzungai den abestia.
Zabaldutako bigarren abestia, ostera, 2000. urtean Kanbon ospatu zen Gazte Topagunearen abestia izan da. Etzakit taldeak egin zuen abestia hura eta topagune horretan Haika gazte erakundea sortu zen.
2002an Elorrion ospatu zen Gazte Topagunea eta Berri Txarrak taldeak jarri zion doinua, 'Bisai berriak'
Taldeak Durangon eskaini berri duen kontzertuan berreskuratu zuen abesti hau, ikusi hemen
2003an Algortatik Gernikara egin zen mendi martxa eta Lau itzal taldeak jarri zion doinua 'Eraikitzen' abestiarekin:
2004an Itsasondon ospatu zen Gazte Topaguneari Fermin Muguruzak jarri zion doinua, 'Bideak'
2006, Etxarri-Aranatz, Kuraia, 'Ttipi ttapa independentzian topa'
2007an gazte martxa izan zen, Untzagatik Laudiora. Betagarrik jarri zion kanta, 'Gure izarra independentzia'
Gazte Topagune berezia
Aurten, Lemoan egingo dute Ernaik eta Aitzinak 2019ko Gazte Topagunea. Apirilaren 19tik 22ra ospatuko dute jaialdia, «Askatasun Bulkadak independentziara» lelopean.
Aurten gainera, Jarrairen sorreraren 40. urtemuga ospatuko da eta data borobila baliatuko dute Ernaik eta Aitzinak garai batean ezker abertzaleko gazte mugimenduan aritu zirenak, ari direnak eta etorkizunean arituko direnak batzeko; «bulkada berrien garaia» dela iritzita.
Gazte Topagunea «inoizko bereziena eta ahaztezina» izango dela iragarri dute behin baino gehiagotan eta horretarako eskaintza «zabala eta anitza» prestatzen ari dira. «Auzolanean eta autogestioan eraikiko dugu behatzekin ukitu nahiko genukeen utopiaren biharamuna», dio Ernaik.