Irribarria-Zabaletaren indar eta oreka erakustaldia Astelenan (16-22)
Aspeko jotzaileek oso partida serioa egin dute eta ez diete aukerarik eman partida ona jokatu duten Altuna III.a-Martijari.
Finalerdien aurkezpen egunean aurkari denek jo zituzten Irribaria-Zabaleta finalean egoteko bikote faborito garbitzat eta gaurkoa ikusita are faboritoago ikusiko dituzte. Izan ere, Aspeko jotzaileek partida handia eginda irabazi diete txukun aritu diren Altuna III.a-Martijari ligaxkako lehen puntua batuz.
Lehendik ere erakutsia zuten Aramakoak eta Etxarrengoak kolpez gainezka zeudela, baina gaurkoan euren jokoa orekatu eta bikote bezala asko batu dute eta partida guztian lau pilota baino ez dituzte galdu. Eta halako bikote batek hutsik egiten ez badu, ia ezinezkoa da aurre egitea.
Horixe gertatu zaie Altuna eta Martijari. Azken unean sailkatu ziren iaz ere bikote egin zuten bi gazteak eta nabarmena da euren jokoan gora egin dutela. Txapeldunak magia berreskuratu du tantoa amaitzerakoan eta Martija txispaz dago, baina erdizka geratu dira.
Markagailuan eutsi eta bigarren zatian gora eginda irabazi zizkieten lehen faseko bi partidak Altunak eta Martijak eta gaur ere ideia hori errepikatzeko asmoz kantxaratu dira. Bai eta asmoa lortu ere, lehen etenaldi luzera 9-12 eseri dira eta. Baina hortik aurrera kantxan jarritako pilotarekin Martijari min egin diote urdinek eta partida euren aldera haustea lortu dute Irribarria-Zabaletak (11-20), nahiz eta gorriek azkenerako markagailua zerbait txukundu duten arren (16-22).