INFO

Xostakovitxen «Sagutxo tuntuna», filmetik antzerkira

Musika klasikoa, txotxongiloak, dantza eta antzerkia uztartzen dituen umeentzako lana da «Sagutxo tuntuna». Maider Lopez musikariak zuzendu eta Loraldiak ekoitzi du ikuskizuna. 1940. urtean, Samuil Marxaken ipuinarekin, Mikhail Tsekhanovskik marrazki bizidunak egin zituen eta Xostakovitxek musika sortu zuen. Loraldian estreinatuko da.


Samuil Marxak idazlea haur literatura sobietarraren sortzaile izendatu zuen Gorkik. Berea da “Sagutxo tuntunaren ipuina”, eta marrazki bizidunetan aurkeztu zuen Mikhail Tsekhanovskik 1940. urtean. Maider Lopez musikaria Durangoko musika eskolan aritzen da, eta zinemaren eta musikaren artekoak ikertzen eta ezagutarazten ari zen batean topo egin zuen Xoxtakovitx musikagile errusiarraren lan ezezagunarekin: “Sagutxo txuntuna”. Aurretik Xoxtakovitxen hainbat lan interpretatuak zituen musikari bezala, baina etxalde berezi honetako istorioa ez zuen ezagutzen Maiderrek. «Bi haur zituen Xoxtakovitxek lan hau idatzi zuenean, eta umeentzako bereziki atsegina den musika sortu zuen», aitortuz hasi zen berbetan musikari gasteiztarra.

Khantoria taldean ere aritzen da Maider, eta Loraldian egin izan dituzte kontzertuak. «Loraldiarekin dudan harremanetik proposatu nien lan hau prestatzea, baiezkoa jaso eta lanean hasi nintzen», kontatu zigun Maider Lopezek berak ekoizpen honen berri ematerakoan. 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako lana prestatu du. Agertokian, eta haurren inguruan lau musikari –tartean Maider Lopez bera–, aktorea eta dantzaria arituko dira, sagutxo panpina batekin.

Berarekin arituko dira Carmen Martinez zeharkako txirula jotzen, Izadi Velez de Mendizabal fagotarekin, Elena Arbonies klarinetean; Ainhoa Pinedak aktore lanak egingo ditu eta Inalvis Pando izango da dantzaria.

Juan Kruz Igarabidek moldatu du ipuina euskaraz, eta jatorrizko bertsioan bezala bertso neurrian eskainiko dute. «Aurkezpena prosan egingo dugu, eta bertso tarteekin batera musikak protagonismo berezia izango du, haurrek oso gustuko dutelako musika bera». Maider Lopezek adierazi zuenez, «musika, antzerkia, bertsoak, txotxongiloak uztartzen ditugu lan honetan, eta umeek gozatzea dugu helburu». Maider Lopez musikari eta lan honetako arduradunak ondo-ondoan izan du Elena Bezanilla eszenografoa. Bera arduratu da antzezpena zuzentzeaz. «Publikoak maiteko du lan hau, musika klasikoa hurbiltasunetik biziko duelako, eta haurrek ere asko maite dutelako musika, eta liluratuta geratzen dira horrelakoak entzundakoan».

«Errusiako etxalde batean gertatzen da istorioa –kontatu zuen Maider Lopezek– lo egiteko ordua iristen da, eta abere guztiak lotara doaz, baina sagutxoak ezin du lorik hartu, horretan saiatzen da sagu ama, baina ezin du lortu». Ahate izeba etorriko da orduan sagutxoa laguntzera, edo txerri emea, behorra ere saiatuko da doinu malenkoniatsu errusiarrekin, baina orduan ere ezingo du lo hartu eta gainerako abereek behorraren doinu aldaketa egingo dute sagutxoaren ezintasunaren arduradun. Maider Lopezek biola jo eta behorraren kantuak abestuko ditu. Katua agertuko da orduan, eta honek sagutxoa lokartzeaz gain, beste asmo batzuk ere izango ditu. «Marshaken ipuinean sagutxoa desagertu egiten da, baina gure euskal bertsioan animaziozko filmean bezala, sagutxoak lokartzea lortuko du», zehaztu zuen Lopezek.

Denak emakumeak

Maider Lopez musikaria eta talde artistikoa osatzen duten guztiak emakumezkoak dira: musikariak, dantzaria eta aktoreak. «Denak emakumeak gara eta pozik gaude horregatik». Maider Lopezek sortutako ideia garatzea lortu du eta lantaldearen indarra azpimarratzen du. Ondoan izan du Pantzar konpainiako zuzendari artistikoa, Elena Bezanilla, antzerkiaren eta arte eszeniko ezberdinen ezagutza handia duena. Obra honetan musikariak aktore gisa arituko dira agertokian bertan, «normalean operetan eta zarzueletan musikariak agertoki azpian egoten dira, baina gure antzezlan honetan obraren parte dira, antzezten egongo direlako musika jotzeaz gain».

Martxoaren 30ean bi emanaldi eskainiko dituzte goizez eta arratsaldez Bilboko Alondegian. «Ikusle kopuru mugatua izango dugu, eta guztiak aktore eta musikarien inguruan kokatuko ditugu», adierazi zuen Maider Lopez musikariak. Eta gero obrarekin Euskal Herriko toki ezberdinetan jarraitu nahi dute, Xoxtakovitxen musika eta sagutxoaren istorioa zabalduz.